Maitane ALDANONDO
DONOSTIA
Elkarrizketa
LEIRE ALZUGARAI
LEIRE ARRAINDEGIA (DONOSTIA)

«Jendea ez dabil dendetan, oso gaizki dago egoera»

Duela hamabi urte ireki zuen arrandegia Antiguako Mikelete kalean eta orain arteko momentu txarrena bizi du, «diferentziarekin», nahiz eta ez den kexu.

Lanez lepo zabiltzate gaur. Uda hala al doa?

Ez, oso kaskar. Joan den urtean baino gutxiago, eta iazkoa txarra izan zen... Normalean, pandemiaren aurretik, lan asko egiten zen hemen; orain, erdia. Oso gaizki.

Aurten ere ez da Aste Nagusirik izango, baina Ama Birjinaren eguna ospatzeko ohitura badago?

Oraingoz lasai doa gauza. Lehen lan asko egiten genuen, Gabonetan baino gehiago. Normalean enkarguak izaten ditut, kokotxak eta... Aurten, oraingoz, oso gaizki dago egoera. Jendea arraro dago; lasai-lasai gabiltza.

Zer iruditzen zaizu arraroa?

Ez dakit besteak nola ibiliko diren, kalean ikusten dut oso lasai gabiltzala. Erosketak egiten ditudanean ikusten dut jendea ez dabilela dendetan, behintzat txikietan. Asteburuetan pila bat nabari da, ez dira Donostian gelditzen, eta gelditzen direnak, etxetik kanpo joaten dira bazkaltzera edo afaltzera. Baina janaria prestatu, oso gutxi.

Pandemiak eragindako egoerarekin ohiturak aldatu al dira? Aurrez enkargua egin edo dendan erostea nahiago dute?

Ez dut alderik nabaritu horretan. Etortzen jarraitzen dute.

Aurreikuspena ez da ona.

Ez, ez. Uztail amaieran, pila bat nabaritu genuen. Larunbata jai izan zen –San Inazio eguna– eta ostiralean lan asko egin genuen, baina aste osoan oso-oso gutxi. Ostegunetan jai izaten dut, baina aurrekoan etorri nintzen, eta ezer ez.

Bezeroak ohikoak al dira?

Bai, baita hemen etxean duena eta oporretan dagoen jendea ere. Ikusten dut etorri direla, baina, agian, astean behin bakarrik egiten dute erosketa. Gehiago aprobetxatzen dute kalean egoteko, eta ulertzen dut.