Testua: J.S.

Elorriok Ferixa Eguna berreskuratuko du domekan

Elorrion aurten ere ez dira Ferixa Nagusiak ospatuko, baina domekan iaz egin ez ziren abeltzain, nekazari eta artisauen azokak berreskuratuko dituzte. Horrekin batera, Elorrioko Udalak hainbat kultur ekitaldi prestatu ditu datozen egunetarako «Kultur Zopa 2021» izeneko egitarauaren barnean. Tartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua dago iragarrita.

Domekako Ferixa Eguna goizeko hamarretan abiatuko da eta, jende pilaketarik gerta ez dadin, herriko hiru gune desberdinetan egingo da. Horrela, abeltzainak Ferixalekuan jarriko dira, ekoizleak udaletxe ondoko aparkalekuan eta artisauak Buskantz kalean.

Ferixa Eguna Elorrioko Udalak irailerako prestatu duen egitarauaren barnean sartuta dago. “Kultur Zopa 2021” izenarekin, hainbat ekitaldi izango dira datozen egunetan kulturari bultzada emateko. Edizio berri honetarako bederatzi ikuskizun programatu dira, umeentzako jolas eta animazioetatik hasi eta gazteentzako zein helduentzako kontzertuetara joango direnak.

Gazteria eta Jai zinegotzia den Julene Lazkanoren hitzetan, aurtengo egitarauak «jarraipena eman gura dio kultur emanaldiz betetako udari. Herritar guztiak kulturaz gozatzen jarraitzera animatu gura ditugu, jende guztiarentzat pentsatutako programazioa doan eta segurua izanda».

Egitaraua bihar bertan jarriko da martxan Ganondo parkean goiz eta arratsaldez umeentzako izango diren puzgarri, jolas parke eta animazioekin. Domekan, esan bezala, Ferixa Eguna izango da, eta, astelehen arratsaldean, Estutu eta The Lion taldeen emanaldia izango da toki berean.

Egitarauak datorren asteburuan jarraituko du, Dupla, Selektah 9 mm eta Puro Relajo taldeen kontzertuekin. Irailaren 16an, osteguna, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua dago iragarrita, Elorrioko elizan. Ekitaldi horren sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Emanaldiotan parte hartzeko ez da sarrerarik beharko, datorren ostiralerako iragarrita dagoen Lara eta Ana Sagastizabalen antzerkia ikusteko izan ezik. Azken ekitaldi hori ere Arriola antzokian izango da eta, sarrerak doan izango diren arren, erreserbatu egin beharko dira aretoaren edukiera ziurtatzeko. Erreserba egiteko 946 583 192 telefono-zenbakira deitu daiteke irailaren 7tik aurrera, goizeko hamarretatik arratsaldeko hiruretara.