Mikel IRASTORZA
BAIONA

Xilaba Bertsulari Xapelketa irailaren 18an hasiko da Makean

Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Xilaba Bertsulari Xapelketak berriz hartuko ditu plazak irailaren 18tik aurrera. Lehen finalerdia Maulen jokatuko da urriaren 16an, ondokoa astebete berantago Bardozen eta hirugarrena, urriaren 30ean, Izpuran. Parte hartuko duten 24 bertsolariek azaroaren 13an Donibane Lohizunen jokatuko den finalera heltzea izanen dute xede. Osasun neurri zorrotzak betearazi beharko dituzte antolatzaileek.

Xumai Murua Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak eta Ortzi Idoate sustapen arduradunak atzo aurkeztu zuten Baionako Euskal Museoan 2021eko Xilaba Bertsulari Xapelketa. Iazko bakarkako edizioa udazkenaren erdian eten behar izan zuten, osasun krisiaren ondorioz frantziar Gobernuak konfinamendu egoera ezarri ondotik.

Argitu dutenez, aurten ere osasun neurriak betearazi beharko dituzte, tartean osasun pasea eskatuz bertsozaleei. Horrek «boluntario eta buruhauste gehiago» ekarriko dituela adierazi zuen Muruak. Bakarkakoa izanen da txapelketa, Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkapena baita jokoan. Xilabako hiru bertsolari sailkatuko dira, jada sailkatuta dauden Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin batera. Orotara zortzi saioz gozatzeko parada izanen dute bertsozaleek: lau kanporaketa, hiru finalerdi eta final handia.

Parte hartzaileak

Estreinako kanporaketa irailaren 18an jokatuko da Makeako herriko gelan. Aurtengo berritasuna den Karlos Aizpurua Etxarte, Gillen Hiribarren, Mizel Mateo, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Oier Urreizti eta Johaine Sarraillet igoko dira oholtzara. Bigarren kanporaketa irailaren 25ean Muskildiko Posonpesenea gelan iraganen da, Bittor Thicoipe, Ramuntxo Christy, Xumai Murua Berra, Xan Alkhat, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxeren parte hartzearekin.

Urriaren 2an Hiriburuko La Perle gelak hartuko du lekukoa eta han izanen dira Josu Txoperena Iribarren, Patxi Iriart, Iker Altuna, Aitor Servier Etxexuri, Pettan Prebende eta Kerman Diaz. Finalerdietara jauzi egin aitzin jokatuko den azken kanporaketan Gabadiko herriko gelak Maddi Ane Txoperena Iribarren, Amets Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Odei Barroso Gomila eta Egoitz Zelaia hartuko ditu. Lau kanporaketak arratsaldeko bostetan hasiko dira eta horietako bakoitzeko lehen sailkatua finalerdietara zuzenean sailkatuko da. Hortik goiti, puntu gehien metatzen dituzten bertsolariek izanen dute txapelketan segitzeko posibilitatea.

Lehendabiziko finalerdia Maulen jokatuko da urriaren 16an, ondokoa astebete berantago Bardozen eta hirugarrena, urriaren 30ean, Izpuran. Finalerdietako irabazleak eta puntu gehien biltzen dituztenek azaroaren 13an Donibane Lohizuneko Jai Alai ezkerparetan jokatuko den final handirako sailkatuko dira.

Iazkoaren aldean, lau bertsolari gutiagok parte hartuko dute. Orduan plazetan bertsotan aritu ziren Elixabet Etxandi, Battitt Crouspeyre, Bixente Hirigarai, Ortzi Idoate eta Oneka Arteaga aurten ez dira taulara igoko. Aldiz, lehen aipaturiko Karlos Aizpurua Etxarterena izanen da aurpegi berria.

Bertsularien Lagunak elkarteak plaza berrien aldeko parioa egin du edizio berri honi begira. Hala, lehen aldiz hartuko dute Xilaba Makea, Izpura eta Bardozeko herriek.

Epaile lanetan Iban Thicoipe izanen da berritasuna. Gai emaileen artean, berriz, Xabi Elgar, Oihana Larrandaburu eta Antton Lannes.