Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lurrak txipik ez!

Ez dakit garai aldaketan garen ala aldaketa garaian ote, baina txipa aldatu behar dugula bai, sinestuta nago, ez fededun baina. Txipa aldatzea helburu? Ez, helbide! Nork bere Diana, euskaldunok geurea, ibilian-ibilian. Hortaz, txipa aldatzeko moduetan botikan bezala, denetik dago. Horra, esate baterako, Lleidako gotzainarena: abituari agur esan eta literatura erotikoan ari den emakume baten laguntzaz aldatu berri du txipa. Zorionak! Arazoak, ostera, txipak ukigarriak direnean datoz. Horra hor autogintza, merkatuaren labirinto ilunetan mikrotxip nahikorik ez eta ekoizpen kateak eten egin behar! Deslokalizazioa lekuz kanpo dagoenean…

Hemengo auto-gobernuan ere antzera. Auto zer horrek txip berrien falta du, eta kanpotik zuzendutako direkzioa soberan. Begi bistan dago, ez dute ba orain kaleratu “Higadura isila” izeneko txostena, non Estatutuak urteetan jasan duen erosioa salatu egiten duen nork eta Jaurlaritzak berak! Amen! Gauzak horrela, Lakuak sortu beharko luke Euskal Herriko Zerbitzu Geologikoa, higalanari aurre egiteko helburua helbide hartuta! Horixe bai I+G+b! Are gehiago, kanpo-erosioak 700 orriko txostena sortu duenean… Bien bitartean, urte politiko berriaren hasiera honetan xaboirik gabe geratu dira dendetako apalategiak, Ajuriaeneko maizterrak azken urteko agintaldiari laudorio emateko erabiliak. Amen ostera ere! Betiko txipa!

Tira, sokatira! Lehengoan hari batean irakurri nuen prentsan sokatiraz zerbait, eta kolpe batean pentsatu ere Legebiltzarreko urte berriaz ari zela albistea, jeltzaleak alde batetik eta bilkideak bestetik. Bai zera, Murgoitio halakoa! Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketaz zen. Gaitz erdi, sokak ez du txipik! Eta bertan ekoizten da! Teknologia zaharrak gogoan! Lurrak ere ez du txipik behar, baina gure txip aldaketak bai lurra behar gero! Eta higadurari aurre egin!