Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aimarrek urteetan pairatutakoa sufritzea ari zaio tokatzen Altunari

Zabaleta beste behin izugarri batekin, aukerarik txikiena ere ez diete eman nafarrek ezinean aritu diren amezketarrari eta Arangureni.

ALTUNA-ARANGUR. 22

OLAIZOLA-ZABALETA 7


Mastersean ezker hankarekin sartu baziren ere –lehen hiru partidak galdu zituzten–, Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak nagusitasunez lortu zuten igandean Ogetan jokatuko den finalerako txartela, ligaxkan Gasteizen bertan bezala, Jokin Altuna eta Aitor Arangureni Hondarribian 7-22 gailenduta. Bezperan Vianan bezala, atzelari garailea izan zen finalerdiko benetako protagonista, Jose Javier Zabaletak hasieratik izan baitzuen partidako aginte makila. Eskuetatik justu antzean bukatu zuela esan bazuen ere, nafarrak ikaragarrizko zuloak ireki zituen, Jokin Altuna erabat jokotik deskonektatua izan zuen eta, gainera, ez Aimar Olaizolak ez berak ez zuten akats bakarra egin partida osoan eta hala ezinezkoa da bikote honi irabaztea.

Inork gutxik jar lezake ezbaian Jokin Altunaren gaia edozein modalitatetan jokatzeko, bera da gaur egungo pilotari erreferentea eta herri guztietan ikusi nahi dutena, baina gabezia bat jartzekotan, hori binakako txapelketa luzeetan jotzaile handien aurka aurrera egiteko antidotoa topatu ezina izan liteke bat. Bere palmares izugarrian final bakarra ere ez du jokatu binaka eta Masters honetan ere ateetan geratu da. Enpresako aurrelari onena izatearen ajeak.

Txanpon beraren beste aldea

Debutatu berritan ere ez dute amezketarra halako txapelketa batean bizkartzain handi baten alboan jarri eta hori gutxi ez eta, aspaldi ez da apenas pilotarik galdu gabe egungo Zabaletak adinako zulorik ireki duen atzelaririk ikusi kantxetan eta hortxe topatu du amezketarrak gainditzeke duen erronka.

Urteetan sufritu izan du antzerako egoera bat Aimar Olaizolak eta, bere azken urteetan, txanpon beraren beste aurpegia ezagutzea tokatzen ari zaio. Bera eta Martinez de Irujo –gaur egungoen artean Ezkurdiak ere egin izan du, baina oso tarteka, halakorik– izan dira binakako partiden erritmoa aurreko koadroetatik aldatzeko gai izan diren azken aurrelariak, baina orain laguntza beharrean da goizuetarra eta ezin egungo Jose Javier Zabaleta baino laguntza hoberik topatu.

Txispa, sasoia, joa ez ditu lehengoak, baina Zabaleta maila horretan arituta, bere zuhurtziak, kalitateak eta partidak irakurtzeko ahalmenak nekez egiten diote huts oraindik.

Atzo «etxean» aritu zen goizuetarra, Hondarribian bizi baita aspaldi eta oso lehia erosoa izan zuen, defentsan oso gutxitan behartu ahal izan baitzuen oso aukera gutxi izan zituen Jokin Altunak. Sakearekin ere ondo asmatu zuen, zuzenean ez bazen, sake-errematean eta bere atzelariak egindako lanari punta ateratzeko, etorriko zitzaion aukerarik onena aukeratzea izan zuen ia lanik zailena, bere ezker gantxoak hutsik egingo ez zion konfiantzarekin.

Bi jotzaile eta bi errematatzaile sailkatu dira, hortaz igandeko finalerako, atzelariei sekula barkatzen ez dien Ogetan, Zabaletaren gustukoenean.