Surflari ernegatua

Aldatu?

Interesgarria iruditu zait Carissa Moorek bere karrerako momentu batean izan zituen gorabeheren inguruan irakurtzea. Kanpotik ikusita bazirudien lau bider munduko txapeldun izandakoa «on fire» zegoela, inoiz baino sasoi hobean zela, eta agian fisikoki hala izango zen, baina psikologikoki «galdua» zela kontatzen du 2020an argitaratu zen berari buruzko filmean.

Harrigarria da profesional bat duela oso urte gutxi pairatu duen krisi existentzialaren inguruan hitz egiten entzutea, baina niretzat are eta harrigarriagoa da «salbatu» duen «errezeta» zein den ikustea. Finean oso modan dagoen formula proposatzen du surflari hawaiiarrak, edo hobeto esanda, bere «laguntzaileak». Alegia, «ingurua aldatu ezin baduzu zu zeu aldatu behar zara».

Antzeko esaldiak oso politak dira, Facebooken edo gure profila aurkezteko bi hitz ezarri behar diren edozein aurkezpen orritan oso ongi geratzen dira, baina egiaz bere esanahia ulertzen dugu? 25 urteko gazte batek tamainako esaldi baten zentzua egiaz uler dezake?

Adin batetik aurrera gizakia aldatzeko gai ez dela uste duten horietakoa naiz. Egiteko moduak aldatuko ditu, disimulatzen ikasiko du, isildu behar denean isiltzen eta gezurrak hobeto apaintzen, baina aldatu, pertsona bat ez da inoiz aldatzen, nahiz eta aldaketetara egokitzeko gai izan.

Atzera 20 urte egiten badugu gizartea ez dela asko aldatu esango nuke, ordea, 25 urte atzera eginda, gizartea oso bestelakoa zela uste dut, alegia, euroa, Internet eta Dorre Bikien kontrako ekintza aitzin. Gizartean sakoneko aldaketak oso gutxitan ematen dira, beste gauza bat da etengabe eraldatzen diren azaleko kontuak lehen lerroan jartzea. Orduan alferrik da edozein formula, arazoa heziketan baitago.