Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Ukiezina

Hegaldia beteta dagoela eta beren eskuko maletak fakturatu nahi dituzten bost boluntarioren bila dabiltzala esan du azafatetako batek bozgorailutik. Inork ez du zirkinik egin. Gauza garrantzitsu bat aipatzea ahaztu zaio azafatari, boluntarioek ezer jasoko duten trukean: bazkari bat dohain edo beste hegaldiren batean erabili ahal izango dituzten miliak. Boluntariorik ez da azaldu, beraz.

Hegaldiko laguntzaileak moldatu egin dira nolabait, hegazkinean sartzera baikoaz eta geure eskuko maletei estu helduta baikoaz denok, objektu preziatuak bailiran. Lehengo azafata bera mintzo da berriz bozgorailutik. Hegazkinean zein talde izango den sartzen lehena iragarri du oraingoan, eta covid-19aren harira jarraitu beharreko protokoloak gogoratu dizkigu. Oraingoan ere inork ez du keinurik egin. Ikusi ditugu telebistan hegazkin batean maskararik gabe sartu nahi izanaren ondorioak. Izan dira hegazkinean sartzea ukatu zaien bidaiariak eta, kasurik polemikoenean, aulkira lotu dituztenak ere. Ez zait halako egoera baten lekuko izatea suertatu, gaur arte.

Janzkera eta jarreragatik klase ertain altukoa izatearen itxura duen gizonezko zuria maskararik gabe dabil terminalean gora eta behera, harroxko. Inork ez dio deus esan. Hegazkinean ere maskararik gabe sartu da eta hegaldi osoan hala jarraitu du. Inork ez dio txintik esan, ez azafatek ezta bere inguruan eserita txutxu-mutxuan dabiltzanek ere. Eta gizon zuria lasai, bidaiaz gozatzen. Horra munduan zehar ukiezina zaren ziurtasunarekin mugitzea zer den.