Jon GARMENDIA
Idazlea

Nire taberna

Mon barrek nire taberna erran nahi du, hala zen Baionako Pannecau karrikako hotel azpiko kafetegia 80ko hamarkadan euskal errefuxiatuentzat, haiena. Etchandi, Etchemendi… jabeak abizen hori zeukala kontatu dit historikoa kontsidera daitekeen errefuxiatuak, tira, historia egunero da; etxe handi erran nahi duen abizenak, etxean nahinor errezibitzeko usaia duela argi da. Euskalduna zela, anaia monasterio batean fraide; joder!, haien magalera erraz lotuko ziren errepresioari ihesi ailegatuak.

Errobi ibaiaren eskuinaldean dago Baiona Ttipia, Bourg Neuf deitua lehen, Burgu berria, latineko Burgusetik; Erdi Aro bukaerako hiri-hazkundea. Han bizi ziren frankismoari ihes egindako anitz, Euskal Herriaren askatasuna amets izatetik errealitatera eraman nahi zuten gazte anitz ere bai. Baiona Ttipian dago bestalde Pannecau, pane cau gaskoiz, ogi beroa, eta ogibidearena egin ondoan han elkartzen ziren euskal errefuxiatuak, poteoan. Hala zebiltzan Hernaniko Beltza, Urretxuko Potros, Astigarragako Legra eta Zestoako Eskumotza 1985eko irailaren 25ean; ezizen horien azpian egiazko izen eta abizenak zeuden, egiazko hutsuneak bezala haien etxeetan.

«Han vuelto a sonar, campanadas a la muerte, cuatro charcos rojos..» kantu bat baino ez dugu buruan. Gudari egunik ezin ukan, ezin minak oroitu, nola izan zen ezin jakin. Baina, hala ere, hemen gaude, bagara.