GARA

Aire zabalean maskara derrigorrezkoa ez izatea eskatu du Ikastolen Elkarteak

Ikastolen Elkarteak «malgutasuna» eskatu du ikastetxeetan maskara erabiltzeko neurrien inguruan. «Baita Lehen Hezkuntzan ere», azpimarratu du Lakuaren azken aginduen harira.

«Osasun krisiaren ondorioz hartu diren neurriak oso gogorrak izan dira. Egun, koronabirusaren eraginak behera egin du nabarmen, eta, horri esker, orain arteko neurri gogorrak malgutu ahal izan dira, eta arnasa lasai edo lasaiago hartzen hasi gara», azaldu du du.

Lakua eta Iruñeko gobernuek egindako azken eguneraketen harira, baina, «kezka handia» agertu du Lehen Hezkuntzako ikasleek jolastokian ere maskara erabiltzeko beharraren aurrean. «Pandemiak ingurune hurbilean izan duen eragin zuzenak eta ikastetxeetako protokolo zorrotzak ikasleengan izan dituzten ondorioak nabarmenak izan dira, alderdi emozionalean bezala akademikoan».

Orain arteko neurriei eusteak «ekidin nahi diren kalteak baino albo-kalte gehiago eragin ditzakeela» uste du Ikastolen Elkarteak. Hartara, Lehen Hezkuntzan ere «gizartean eta eskolan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak» erabiltzeko eskatu die bi gobernuei, eta ikastetxeetako aire zabaleko guneetan maskara erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uzteko.