A. AGIRREZABAL
Iruñea
Estatuaren

MINA ETA UMILIAZIOA; ESTATU BIKTIMAK URRIAREN 12AN

Urriaren 12aren biharamunean Estatuaren bortizkeria pairatu duten bi herritarrekin hitz egin du GARAk: torturatua izan zen Mikel Egibarrekin eta Triple A-k aita hil zion Pilar Garaialderekin. «Giza eskubideak urratu zituen indarkeriaren apologia ekintzak dira».

gara-2021-10-13-Reportaje

Urriaren 12a Estatu espainiarrean «Hispanitatea goresteko eguna» izan ohi da. Kontinente berria «aurkitu» eta ehun urteko epean, biztanleria indigena 60 milioi pertsonatik sei milioira jaitsi zen, Londresko University Collegearen arabera.

«Hispanitateak odolez eta suz eraiki du bere errealitatea. Zentzu historikoan eta gaur egun ere bai», esan du Mikel Egibarrek. Antiguatarra atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta hamar urtez espetxeratu zuten. «Zoritxarrez, gure herrian nahiko kasu arrunta da nirea». Egiari Zor-ek asteartean arbuiatu zuen Estatuaren indarkeriaren biktimak umiliatzea.

Pablo Garaialde Alegiako taxilaria hilda agertu zen 1982ko urtarrilaren 2an. Basozain batek taxian aurkitu zuen gorpua, Berastegitik oso gertu dagoen inguru batean. Triple A-k bere gain hartu zuen atentatua, eta «akatsa» aitortu, bere helburua Alegiako beste taxilari bat hiltzea baitzen. Kasua hilabeteren buruan artxibatu zuten.

Pilar Garaialde alabak azaldu dio GARAri urriaren 12ko ekitaldiek sortzen dioten sentipena. «Mina eta umiliazio izugarria suposatzen du guretzat. Gure oinarrizko giza eskubideak urratu zituen indarkeriaren apologia eta gorespen ekintzak dira hauek, argi eta garbi. Zilegitasuna ematen zaio eta inpunitate osoa dutela adierazten zaie. Ez dugu ahaztu behar indarkeria honetaz baliatu zirenetatik gehien-gehienek zigorgabe jarraitzen dutela eta zigorra jaso zuten gutxi horiek gerora ohoreak jaso dituztela».

«Atzoko eguna (asteartea) sektore guztien, indar polizialen, politikoen eta mediatikoen, elkarrekiko babesa eta batasuna erakusteko eguna izan zen», esan du Egibarrek. «Estatuaren indarkeria pairatu dugunontzat ez bakarrik umiliazioa, probokazioa ere bada». Probokazio horretan sartzen ditu Lakuaren eta EAEko sektore politikoaren isiltasuna.

Biktimen umiliazioa, baina, kolore bakarrekoa izan ohi da eta hori «birbiktimizatze modu bat» da, Garaialderen ustez. «Biktimen umiliazioari buruz ari diren guztietan gure biktima izaera ezabatzen dute, existitu ez balitz bezala, existituko ez bagina bezala». Kontakizuna desitxuratzeko saiakera bat ikusten du hemen alegiarrak. Zentzu berean, Egibarrek biktima batzuen inguruko isiltasuna nabarmentzen du. «Isiltasuna ez da mezuaren hutsunea, bertsio bat legitimatu egiten du. Torturen inguruan bizi dugun ukazio horrek legitimatu egiten du horren atzean dagoen errealitatea».

Egia bat eta kontakizun desberdinak

Lau hamarkada luze hauetan aitorpen ofizial gutxi jaso dute eta iritsi direnak azken boladan iritsi dira. Garaialdek argi dauka Euskal Herriak bizitako gatazkaren biktima gisa zer behar duen, «egia eta aitorpena». «Zenbaitek pentsa edo esan lezake egia asko daudela. Nik uste dut egia bat dela eta errelatoak desberdinak. Errelato zintzoa, aitortzailea eskatzen dut. Ez guri, biktimoi, bakarrik; gizarte osoari zor zaio egia hori, aitortza hori. Zinismoa eta faltsukeriak baztertu eta bada garaia has daitezen bizikidetzaren alde, giza eskubideekiko errespetuan eta konpromisoan oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko lan zintzoan, euskal gizarteak horretarako izan duen bilakaera positiboari jarraituz».

Emilio Alonso Manglano Cesid-eko buruzagi ohiaren biografiak berresten du 1989an ezker abertzaleko militanteei bidalitako bonba-gutunak Estatuko aparatuetatik atera zirela. «Oraingo honetan ere mugak gainditu dituzte. Zoru etikoa hain sutsuki defendatzen omen dutenek beste aldera begiratu eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea jasanezina da», azpimarratu du Garaialdek.

Gatazkaren testuinguruan dauden «interes partikularrak» agerian uzten dituela esan du Garaialdek eta bat dator Egibar. «Bi adierazpenekin gaia lurperatu nahi dute».