Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Paranormaltasun berria, ganberan

Aste honetan ere gertatu zait. Burua han-hemen borborka eta apenas betarik ez mahai gaineko egunkari biei patxadazko begirada bat emateko. Portzierto, pentsatu behar dut burutik ateratzen zaidan lurrun hori zelan energia bihurtu, gorputzaren beste zatiekin komunitate energetikoa osatuta! Tira, harira! Begirada arina eman egunkariei, bai. Belgikak erregearen aurkako irainen legea ezabatu duela leitu dut. Primeran! Gutxiago falta da erregetza bera ezabatzeko! Bai poza orduan!

Gau Beltza, Gaba Baltza... Halloween gurera ekarrita. Eta aurten misterioz ekarri ere. Zelan ulertu bestela Eusko Legebiltzarreko ganberan lehengoan izandako gertaera paranormala? Ganbaran izatekotan, tira!, baina ganberan? Horra, mozio baten aldeko guztiek bozkatzeko unean zer egin eta guztiek euren mozioaren kontra egin! Nonbait, orain urte batzuk, leku bereko aulki batean legebiltzarkide akordeoilari haren atzamar-puntak alboko aulkira egindako hegaldi gogoangarri hark harrapatu egin du oraingo ganberakide batzuen zentzumena eta... behar ez zen botoi sakatzera behartu! Uuuu!

Nazio Batuen Erakundearen lehengo eguneko goi bilerara hurbildu zen dinosauro jatorra etorri zait burura. Arrisku klimatikoaz nahi zuen bertako parrokia ohartarazi, larrialdietan larrialdiena denaz. Hortaz, Eskozian dira egunotan Cop26an biltzeko planetako mundu askotako agintariak... Planeta benetan kontrolatzen dutenek izango dute zer hobe egin, burtsari online begira. Halako bilerak arazoen erakusleiho dira gehiago konponbide baino. Eta izatekotan horkonponbide!

Urrunera joan gabe hemen Lurrama dugu bidea. Laborantza herrikoia eta iraunkorra klima hozteko. Sistema aldatu behar klima aldatu ez dadin. Bitartean, positibo gero eta gehiago gurean ere; beste larrialdiaz ari niaz orain. Hainbeste positibo non negatiboa den! Ama, ama!