GARA
IRUÑEA

Minbizia duela-eta, atsedenaldia hartuko du Aiora Renteriak

Minbizia duela-eta urgentziazko ebakuntza egin ondoren, eszenatokiak behin-behinean utziko dituela iragarri zuen atzo Zea Mays taldeko abeslari Aiora Renteriak. Sare sozialetan esan zuenez, ebakuntza ongi atera da eta orain bere burua zaintzea da bere lehentasuna.

Umetokiko minbizia duela-eta tarte batean kantatzeari utziko diola iragarri zuen atzo Aiora Renteria abeslariak.

Instagram sare sozialean zabaldu zuen mezu batean, adierazi zuen urgentziazko ebakuntza egin behar izan diotela uteroan atzemandako minbiziagatik. Ondo atera da, antza, baina denbora tarte batez atseden hartu eta eszenatokietatik aldendu egingo dela iragarri zuen Zea Mays taldeko abeslariak.

Une hauetan, bere burua zaintzea duela lehentasun erantsi zuen Renteriak. Horrekin batera, orain arte jaso duen berotasuna eskertu zuen Zea Mays taldeko abeslariak Instagrameko mezuan. «Zalantza barik, gure bidelaguna den musika ere sendabide ona izaten ari da eta zuekin bizitako momentuak ere oxigenoa dira niretzat», azpimarratu zuen.

«Bizitza etengabeko aldaketen isla da eta egoera berri batera ohitzeko premia dugu orain. Oholtzan eusten nauen gorputzak lehentasunez zaintzeko deia egin dit», gaineratu zuen. «Ahal den arinen eta energia guztiarekin zuekin egotea espero dugu. Laster arte», amaitu zuen abeslariak Instagram paratu zuen mezuak.

1976an jaio zen Bilbon Aiora Renteria eta 1997. urteaz geroztik Zea Mayseko abeslaria da. Iñaki Imaz, Ruben Gonzalez eta Asier Basaberekin batera sortu zuen taldea. 2019an kaleratu zuten hamargarren lana, eta joan den irailean, berriz, bi kantuko EP bat: “Kemena”. Horrez gain, Doctor Deseo eta Berri Txarrak taldeekin kolaborazioak egin ditu.

Iragarpenaren ondoren, Zea Maysen jarraitzaileez gain, talde, bakarlari, politikari eta jaialdi askok babesa adierazi diote abeslariari; besteak beste, Gorka Urbizuk, Gatibuk eta Izarok. Hatortxu Rock eta Iruñea Rock jaialdiek ere helarazi zioten elkartasun mezua.