Jokin Erkorekaren «Banda», erritmoa duen poesia liburua
Barne ikuspegia, natura, etxea eta transformazioa dira Jokin Erkorekak bere lehen poesia liburuan jorratu dituen gaiak. Bere musika taldearen kanten letrak sortzen baditu ere, hau da literaturarekin duen lehen harreman zuzena, eta «hitz egokiak bilatzen» saiatu da.

Jokin Erkorekaren lehen poesiak Haxotz taldearentzat idatzitako kanten letra baztertuetatik atera ziren, 2014. urtean halako sormen olatu bat etorri zitzaionean. Musikarekin bat egiten ez zuten arren, hitzek indarra bazutela konturatu zen. Taldearen kantuetan, musikatik abiatzen da letrak sortzeko, eta, poesia idazten hasi zenean berbek bereganatu bazuten ere garrantzi handiena, nolabaiteko erritmoa ere badute bere testuek. «16 urterekin Kirikiño ikastolan nengoela sortu genuen taldea. Gure musika ez da publiko guztiarentzat, baina hor egoteak eman zidan abagunea hitzak erritmikoki lantzeko», azaldu zuen.
«Soinu banda bat bezala, ez da soilik erritmoa, ez da soilik letra. Publikoak amaieran beste bat eskatuko du, beste poema bat», dio Igor Estankona idazleak Erkorekak argitaratu duen lehen poesia liburuari buruz. “Banda” lanak Bilboko Udalak sustatzen duen Blas de Otero lehiaketa irabazi zuen iaz, eta orain Ereinek publikatu du, jada hamahiru edizio bete dituen sariketatik ateratzen diren gainontzeko obrekin egiten duen bezala.
«Euskaraz poesia idazten dugunok ez gara asko, baina eskertzekoa da saria irabazi izana. Ohore bat da», aitortu zuen Erkorekak atzo Donostian egindako aurkezpenean. «Jendeak galdetzen dit zer idatzi dudan. ‘Euskaraz? Poesia? Ufff...’ esaten didate. Badakit ez dela masa handi bati bideratutako liburua», aipatu zuen.
Bere hitzetan, Gabriel Arestiren lana inspirazio zuzen izan du, tartean, berak erabiltzen zuen euskara argiagatik. Erkorekak hiru hizkuntza erabiltzen ditu bere egunerokotasunean; euskara eta gaztelera, eta baita ingelesa ere, bikotekide estatubatuarra duelako. «Gertatzen zait hirurak nahasten ditudala. Batzuetan esamoldeak hizkuntza batetik bestera pasatu ahal izatea gustatuko litzaidake, baina ezinezkoa da», esan zuen.
Hala, Elhuyar hiztegia alboan, euskara argia erabiltzen saiatu da, hitz egokiak hautatuz, une bakoitzean behar zuena kontu handiz idatziz. Inazio Mujika Ereineko editorearen esanetan, Erkorekak «oso argi zituen gauzak» poemetako berbak hautatzerakoan, Gustave Flaubertek «le mot juste» –”hitz zehatza”– teknika zuen bezalaxe.
Liburu fisikoa eskuartean izateak «ilusio handia» egiten diola azaldu zuen, musika taldearen lanak gehienbat formatu digitalean argitaratu baitituzte. Musikan CD formatua zaharkitua gelditu bada ere, irakurleak papereko liburuari «fideltasuna» gordetzen diotela uste du.
Lau zatitan
Liburua lau ataletan banatuta dago. «Lehen atalean nire barruko ikuspegia ulertarazteko obsesioa lantzen dut, edonork izan dezakeen barne borroka», argitu zuen. Bigarrenean natura aipatzen da, hirugarrenean etxea (edo «ikusten ez dena, norberaren barrenetara begirada bat da»), eta, laugarrenean, gauza pertsonalak. «Transformazioari buruz hitz egiten dut, hazteari buruz. 30 urte bete ditut aurten. Iruditzen zait nire belaunaldiaren ezaugarri bat dela esateko dugun hori esateko presa dugula, arrakasta izateko presa, sare sozialek ematen duten berehalakotasuna dela eta», kontatu zuen.
Atalak gaika banatuta egoteaz gain, liburuaren maketazioan bertan ere nabari dira. Batetik bestera igarotzeko egileak gustuko dituen idazleen aipuak txertatu ditu, «barne mundu hori ateratzen asmatu dutenak, idazle guztien nahia».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
