Hidrogenoaren korridorea sortzeko batu dira 71 enpresa eta erakunde
71 enpresa eta erakundek indarrak batu eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen garapena dinamizatzeko elkartea sortu dute. Agerraldian adierazi zutenaren arabera, proiektuak 1.500 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du 2026. urtera arteko epean.

71 enpresa eta erakundek sortutako BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearen lehen batzarra izan zen atzo, Guggenheim museoan. Ekitaldia Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ireki zuen ofizialki, bide telematikoz, Glasgowtik.
Hidrogenoaren Euskal Korridorearen garapena dinamizatzea du helburua jaio berri den elkarteak. Era berean, hidrogenoa energia-industria gisa bultzatzeko «beste pauso bat» dela esan zuten.
Jose Ignacio Zudaire BH2C Elkarteko presidenteak jendaurreko agerraldian nabarmendu zuenez, elkartearen sorrerak «agerian uzten du enpresek eta erakundeek deskarbonizazioan aurrera egitearen alde apustu sendoa egiten dutela, hidrogenoa bektore energetikotzat erabiliz».
«Trantsizio energetikoa jasangarria izan dadin, nahitaezkoa da, deskarbonizazioaren erronkarekin batera, industriak BPGan duen pisuari eustearen aldeko konpromisoa har dezagun. Gure industria garatzen, aberastasuna eta ongizatea sortzen eta gure berrikuntza eta teknologia bultzatzen lagunduko digun trantsizioari heldu behar diogu. Kalitatezko enplegua sortzeko gai den herrialde industriala izaten jarraitu nahi badugu, betiko moduan aurre egin behar diogu erronka honi, proiektu zehatzen bidez, inbertsioen bitartez, teknologiaren laguntzaz eta lankidetza estrategiatzat erabiliz», azaldu zuen Zudairek.
«Apustu irmoa»
Hidrogenoaren Euskal Korridoreak osagai horiek uztartuko dituela azpimarratu zuen eta, alde horretatik, «etorkizun luzea duen etorkizuneko proiektua» dela ziurtatu zuen.
«Zalantzarik gabe, Euskadik apustu irmoa egin behar du sektore honen buru izateko, altzairugintzan, makina-erremintan, automobilgintzan edo berriztagarrien arloan egin duen bezalaxe», adierazi zuen elkarte berriko presidenteak.
Proiektuak aurrera egiteko 1.500 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sortuko dituela ziurtatu zuten.
Elkarteak otsailean aurkeztutako Hidrogenoaren Euskal Korridoreari lotuta bultzatuko dituen proiektuak honako esparru hauei dagozkie: Hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen ekoizpena; banaketaren arloko mugikortasuna eta logistika; industriaren deskarbonizazioa; hiri eta bizitegi erabilerak; azpiegitura; eta garapen teknologiko industriala.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
