GARA
CORTES

Zonifikazioarekin amaitzeko hordagoa jo dute Cortestik

Nafarroako hegoaldeko muturrean den Cortes herrian aurkeztutako adierazpen batek nafar guzti-guztien hizkuntza eskubideak aldarrikatu ditu, bizi diren eremuan bizi direla. Hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen zonifikazio «bidegabe» eta «anakronikoarekin» behingoz amaitzea nafar guztientzako «aurrerapena» litzatekeela defendatu dute.

Nafar ugarik bat egin zuten atzo Erriberako Cortes herriko Retegi frontoian, Hordago herri ekimenari hasiera eman dion Cortesko Adierazpena aurkezteko. Azkoiengo Kamila Guarinek eta Julian Vicente Garcia cortestarrak irakurritako adierazpenean argi eta garbi aldarrikatu zuten bezala, egun Nafarroan indarrean dagoen hizkuntza zonifikazioarekin behingoz amaitzea da plurala eta zabala izateko bokazioa duen herri ekimenaren helburua.

Adierazpenak nabarmentzen duenez, gaur egun «gure eskubideak mugatzen dituen oztopo bat da Nafarroa hiru hizkuntza eremutan banatzen dituen hori». Banaketa hori duela lau hamarkada jada guztiz «bidegabea» baldin bazen, orain, gainera, «anakronikoa» ere badela azpimarratu zuten.

Mus jokoari buruzko metaforaz betetako testuan nabarmendu zutenez, «karta onak» dituztela sinetsita daude eta, hortaz, «jokoan jarri nahi ditugu, hordagoa irabazteko, etorkizuna irabazteko. Bereizkeriarik, segregaziorik eta eskubide urraketarik gabeko etorkizuna».

Nafar guztiek betebehar berdinak dituzten era berean eskubide berdinak ere badauzkatela gogoratuz, «justiziagatik» galdegin zuten «euskaraz bizi nahi duten pertsonak ez tratatzea bigarren mailako herritar gisa». Adierazpenak azpimarratzen duenez, «aldarrikatzen dugu euskara Nafarroako nortasunaren parte berezkoa dela, bere izatearen eta bertakoen zati bat, eta ezin dela bata bertzea gabe ulertu, euskararik gabe Nafarroa, Nafarroarik gabe euskara».

Dei zabala

Plazaratutako manifestua zonifikazioari eginiko «hordago» bat bezala aurkeztu zuten eta, hortaz, herrialdeko erakundeei behingoz herritarren eskaera aintzat hartzeko eskatu zieten. Horrez gain, dei egin zieten nafar guztiei eta gizarte, kultura, kirol, ekonomia eta politika eragile orori, aldarria bere egin eta eskaera beren esparruetan zabal dezaten. Era berean, adierazpena beren ikuspegitik eta eskaerekin aberasteko eskatu zieten.

«Nafarroako hizkuntza-banaketa gainditzea aurrerapen handia izanen da gure gizartearendako, aurrerapena izanen da justizia sozialean eta gure lurraldearen batasunean eta kohesioan. Azken finean, nafar guztiontzako aurrerapena izanen da», esanez bukatu zuten atzoko adierazpena.