GARA
GASTEIZ

Ezkutuko indarkeriaren inguruko kanpaina jarri du abian aurten Emakundek

Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Emakundek kanpaina berria abiarazi du. Oraingoan, adineko emakumeek jasaten duten ezkutuko indarkeriari buruz aritu nahi dute, eta horretarako spot bat prestatu dute, datozen egunetan toki askotan ikusi ahal izango dena. 55 eta 79 urte bitarteko hainbat emakume elkarrizketatu dituzte eta kontatutakoa bilduz osatu dute spota. Adierazpenekin esperimentu sozial bat ere egin dute, kalean.

Izan ere, adierazpen horiek jendeari erakustean, askok esaten zuten antzeko zerbait entzun izan dutela inguruan. Ezkutuko indarkeria hain agerikoa ez den hori da, eta batzuetan beharrezkoa da erakustea alboan duguna identifikatzeko. Hori da spotaren helburua: norbait identifikatuta sentitzen bada, laguntza eskatu ahal izatea. «Eta zuk… ikusten duzu? Adi dagoen gizarte batek soilik detektatzen du indarkeria ezkutuena», dio azaroaren 30era arte hedabideetan eta kalean izango den kanpainak.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu zuten kanpaina berria. Sailburuak esan zuenez, emakumeen aurkako indarkeriazko jarrera asko normalizatu egiten dira, eta askotan biktimek ere ezin dute identifikatu (bikotekideek gutxietsi edo askatasuna murriztea, adibidez).

Landaidak, berriz, adineko emakumeen aurkako indarkeriak dituen ezaugarriak aipatu zituen: «Ikusezintasuna; autonomia ekonomikorik eza kasu gehienetan; bere garaiko gizarteak genero indarkeria ez onartzea; edo beste pertsonak zaintzen emandako bizitza». Era berean, testigantza eman duten emakumeei eskerrak eman zizkien, beraientzat erraza izan ez den arren, beste emakume batzuei laguntzeko oso garrantzitsuak izango direlako.

Arretarako zerbitzua

Bestalde, Nafarroako Gobernuak aurtengo indarkeria matxistaren balantzea egin du. Hala, azaldu duenez, mila emakume baino gehiago artatuko ditu Emakumeen aurkako Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Taldeetan. Duela hamarkada bat hasi zen baliabide espezializatu hori ezartzen, eta eskaria handitzen ari da.

Aurten, 911 emakumeri eman die zerbitzua, 2020ko aldi berean baino %23 gehiagori; eta 60 seme-alabari, aurreko urtean baino %11 gehiagori.

Zerbitzua herritarren artean ezagutarazteko, kanpaina abiatu dute azaroaren 25aren harira, “Zure ondoan gaude” lelopean. 2022ra begira aurrekontua duela lau urte baino %40 handiagoa izango da, biktimei arreta hobea eskaini ahal izateko.