Joxe Mari CARRERE
Ipuin kontalaria

Minoriak

Aberatsena da minoria arriskutsu bakarra», kantatu zuen Miren Artetxek Xilaba bertso txapelketako finalean. Bertsoetatik ipuinetara egin du nire buruak. Saran jasotako kontu zahar batean munduaren antolaketa nola egina den kontatzen da. Jupiter jainkoari aberatsak, apezak eta laborariak joan zitzaizkion aberastasun eske. Lehenengoek aberastasunak jaso zituzten. Bigarrenek, aberastasunak agorturik, pazientzia jaso zuten. Azkenik, hirugarrenek, aberastasunak eta pazientzia banatuta zeudela ikusirik, “eta guretzat zer gelditzen da kaka zaharra?!” esan, eta horixe eraman zuten. Ordutik horrela omen dago banatuta mundua. Beste ipuin batean, laborari batek idi larru bat eta bi adar buruan jarrita, deabrua zelakoan, karrozan zihoazen bi aberats izutu eta tarrapataka ihesi jarri zituen. Haien bi zaku diru hartu eta etxera partitu zen. Emaztea harritu zen diruarekin, baina haur franko zituztenez, orain bazuten haiek hazteko aski. Eta ongi bizi baziren, ongi hil ziren. Lehenengo ipuinaren injustizia ederki berdindu zuen bigarrenak.

Kultur adierazpen herrikoiak ez dira neutralak. Nondik kontatu, nondik kantatu jakin ezean, Jupiterren banaketa naturala dela eta bigarren laboraria lapurra dela sinetsaraziko digute. Horregatik tarteka beharrezkoa da gogoraraztea arriskua nondik datorren. Kalean bezala, oholtza gainean ere bai. Amets Arzallusek “har dezadan makila hau eta mugak bihurtu zubi” kantatzean, agian, minoria arriskutsu horrek eraikitako mugak izango zituen gogoan.