Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kidea eta bidea

Kolpea gero! Ustez Euskadiko mundu guztien erreferente eta lege zaharren gordetzaile ziren jelkideak eta jeltzaleak, zer eta beste batzuena kopiatzen dira hasiak! Bai, akabua gero! Zer pentsatuko ote du Jainkoak, pentsatzeko balego? Bada bai, batzuek bidea egiteko «bilkideak» badituzte haiek «bidelagunak», «kide izateko modu berria»! Egia esan, «batzokidea» ez da diseinuzko berba. Tira, harira! Nago ni, funtsean, bidea ulertzeko modua dela oinarrian arazoa. Azken finean, bideak egiten ditu ibiltariak lagun, bide zuzenak egin ere, ez errotondan bueltaka egiten den bidea, honek zorabioa baino ez dakar. Batzokitik atera eta mundu errealeko bideak ibiltzeko izango balitz sikiera lagun horiena!

Gaurko egoeraren diagnostikoa egin ei dute, konklabean. Akaso ez dute argi etorkizunak ekar dezakeen geroa? Oinen azpiko lurra ikaratzen hasia sentitu ote dute? Ba, animo! Denoi gertatzen zaigu geroa gaur ez izatea iraganean uste genuen hura; denoi, ez ezkerrari bakarrik. Ustezko euskal esentzien gordetzaileei ere, berdin. Hortaz, egokitu ala hil, klimarena ez baita bidean izan daitekeen aldaketa bakarra. Eta eurek «entzute aktiboari» ekitea deliberatu dute, nonbait orain artekoa pasiboa izan da, edo, are gehiago, ez da entzutea izan. Amen!

Total, belarribizi paratuko omen dira. Belarriprest baino gehiago da hori behinik behin! Ikusi beharko! «Gizartearekin konektatzea» diote; ez dakit baina… Iberiako periferia independentistatik “deskonexioa” lantzen ari denean eurek konektatzea… gainera, elektrikak aspaldiko bidelagun izanda… Agenda 2030 eta jasangarritasuna dute ardatzetariko bat; ez dakit baina… sailburua Horma den bitartean… garapena sostenible baino gehiago soportable dute helburu, batzuen hiztegian denetariko komodinak sartzen dira eta. Ama, ama! Geroak esango! Eta besteok bidean…