Amaia EREÑAGA
LEKUONA SARIEN BANAKETA

JOSE RAMON ETXEBARRIA ETA XABIER AMURIZA JAKINTSUEN ESKOLA MAGISTRALA

PANDEMIAK HALABEHARREZ ERAGINDAKO TRABAK BATZUETAN ONERAKO ERE IZAN DAITEZKE. ESATERAKO, MANUEL LEKUONA SARIEN BANAKETAN XABIER AMURIZA ETA JOSE RAMON ETXEBERRIA OHOLTZA BATEN GAINEAN ELKARREKIN ENTZUTEKO.

1983an sortu zituen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona sariak. Helburua argia zen: ibilbide luze eta oparoko pertsonei aitorpena egitea. 2019an, lehen aldiz, bertsolari batek jaso zuen, Xabier Amuriza (Etxano, 1941) bertsolari, idazle, ikerlari eta artikulugileak. Orduan, pandemia gure bizitzara iritsi eta sari banaketa “etenda” gelditu zen, guztion bizitza bezala. 2020an Jose Ramon Etxeberria (Gernika, 1948) zientzialariak jaso zuen aitorpen hau, zientziako goi-mailako ikasketetan eta ikerketan euskara normalizatzeko egindako lanagatik.

Aspaldiko ezagunak dira saritu biak, urte luzeetan euskararen defentsan, kulturan eta politikan militantzia eta borroka partekatu dutelako. Etxeko giroa zegoen, beraz, Bilboko Kafe Antzokian atzo arratsaldean. Ikusleen artean, unibertsitateko kideak, bertsolaritza munduko ordezkaritza zabala, sarituen familiak eta erakundeetako ordezkariak. Eta maitasuna, Amurizak aipatu zuen bezala: «kariñoa» sentitzen zen. Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak esan bezala, bi ibilbide luze saritu ziren atzo: «Erabateko erreferentea den artista batena», Amurizarena, eta «bizitza osoa hizkuntzaren alde buru-belarri lanean ari izan den Etxebarriarena. Ezaugarri batek batzen eta laburbiltzen ditu bi ibilbide horiek: berbak eta hitzaren indarrak», aipatu zuen.

Era inteligentean

Pozik eta lasai agertu zen Amuriza, ironia ukituarekin, inork ez ziolako «bertsoa botatzeko eskatuko edo kuestionatuko». 80 urte ditu, ibilbide luzea atzean, lanean jarraitzen du eta aitorpen bat egiteko beharra zuen atzo, umorez hori ere: «Ni hilezkorra naiz. Bihar ziur hemen izango naizela. Orain arte egun guztietan asmatu dut eta, behin huts egingo dudalako, ez diot utziko besteetan asmatzeari!».

Halako hitzorduek atzera begiratzeko aukera ematen dute, eta Amurizak bertsolaritzak eman dionari erreparatu nahi izan zion: «Oso garrantzitsua da niretzat: Bertsolaritzari zor diot bizibidea izan dudala. Txikitatik dut barneratuta: lehen harria bizibidea da. Eta nik bertsolaritzari hori zor diot, batez ere. Hori gauza handia da».

Bukaeran, eskola magistral itxura hartu zuen sari banaketan, gogoeta batzuk bota zituzten protagonistek. Hemen horietako batzuk. Etxebarriak esana: «Bizitzan ikasi dudan gauza bat da etengabe aukeratu behar dela. Ez gara gai dena egiteko, orduan momentuan, egoeraren arabera, aukera desberdinak daude eta nik pozik esan dezaket beti aukeratu dudala nahi izan dudana». Amurizaren esana: «Nik era inteligentean bizi izatea erabaki dut. Euskararekiko erabaki dut ez dudala larregi sufritu behar, ezta larregi poztu behar ere. Nik egingo ditut ahaleginak, eta bagara, izango gara, ni bizi naizen artean eta gero ere izango gara».