Marcel PENA
Iruñea

Pandemia, kartzeletan eskubide urraketak areagotzeko ate irekia

Larunbatean Iruñean egindako «Espetxea eta covid-19a. Osasun krisiaren kudeaketaren auditoria» mahai inguruan, azken bi urteotan pandemia dela eta kartzeletan izandako «eskubide urraketak» aztertu zituzten. Kartzeletan lan egiten duten espainiar Estatuko zenbait elkartetako ordezkariek hartu zuten parte hitzorduan.

SOS Presoak Covid-19 taldeak mahai inguru bat antolatu zuen larunbatean Iruñean, pandemian izandako espetxe kudeaketaren nondik norakoak eta kudeaketa horrek presoei nola eragin dien azaltzeko. Azken bi urteotako errepasoa eginda, pandemia hasi zenetik espainiar Estatuko espetxeetan izandako «eskubide urraketak» azaldu zituzten hizlariek.

“Espetxea eta covid-19a. Osasun krisiaren kudeaketaren auditoria” mahai inguruan Francisco Miguel Fernandez APDHA Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko kartzelen arloko koordinatzaileak, Jose Navarro erakundeen indarkeriaren biktimak babesteko Sirecovi erregistro eta komunikazio sistemako kideak eta June San Millan Salhaketa Nafarroako ordezkariak hartu zuten parte. Lehenik eta behin, Fernandezek azaldu zuen zein izan diren pandemia hasi zenetik nazioarteko erakundeek, estatuek eta espainiar Estatuko administrazioak proposatu eta hartutako neurriak. Covid-19ak kartzeletan duen eraginari buruz hitz egin zuen lehen erakundeetako bat Nazio Batuak izan ziren. Giza Eskubideen komisario Michele Bacheletek «jarraibideen eskuliburu» bat aurkeztu zuen, eta, bertan, presoak ahalik eta azkarren kaleratzea proposatzen da, bereziki osasun arazoak dituztenak. Espetxeak blindatzea eta presoen eskubideak behin-behinean murriztea ere proposatzen da, eta, estatu gehienek hartu dituzte neurriok, intentsitate desberdinarekin, hori bai.

Miguel Fernandezek azaldu zuenez, azken bi hamarkadetan aurrekaririk ez duen presoak askatzeko prozesu bat izan da martxan espainiar Estatuan pandemian zehar, «beharrak eraginda». Hori bai, «oraindik jende asko falta da espetxeetatik ateratzeko». Horren erakusle, pandemian kartzela «jendea giltzapetu eta gizartetik ahalik eta denbora luzeenean aldenduta edukitzeko toki» bihurtu dela salatu zuen.

Bestalde, Navarrok gizarte zibilaren eskaeren deskribapen kronologikoa egin zuen, bereziki kartzelan komunikazioak mantentzeari eta zeldetatik kanpoko bizitzari buruz. Sirecoviko kideak Kataluniako espetxe sistema hartu zuen ardatz, eta nabarmendu zuen azken bi urteetan «espetxeetan segurtasuna lehenetsi dela edozein eskubideren gainetik», eta horrek eragina izan duela osasun zerbitzuetan eta komunikazio eta birgizarteratze eskubideetan.

June San Millanek Iruñeko kartzelan ardaztu zuen bere hitzaldia. Salhaketa Nafarroako kidearen arabera, espetxe horretan gutxienez bi modulu daude uneotan itxita, eta horrek esan nahi du «alferrik galdutako espazio bat dagoela espetxean, presoen eskubideak osasun isolamenduen bidez ez urratzeko aukera emango lukeena». Gai horri dagokionez, San Millanek zehaztu zuen isolamenduak «eragin oso larria» duela pertsonengan, bereziki aurretik gaixotasunak dituztenengan. «Nazioarteko hitzarmenek printzipio batzuk ezartzen dituzte zigorrak tratu anker eta iraingarrietan oinarritu ez daitezen. Eta isolamendua horixe da», adierazi zuen. Are, nazioarteko erakunde batzuek presoen bakartzea torturatzat hartzen dutela nabarmendu zuen.