GARA
BILBO

Lea-Artibaiko udalek energia sortzeko kooperatiba eratu dute

Berriatuko, Etxebarriko, Ispasterko eta Markina-Xemeingo udalek Ekiola Lea Artibai kooperatiba sortuko dute, inguruan ekoitzitako energia sortzeko eta kudeatzeko. Horretarako, Etxebarrian eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzea aurreikusi dute. Lekeitiok eta Ondarroak ere parte hartzeko asmoa dute. Alkateek 0 kilometroko energia berriztagarria sortuko duen proiektu kooperatiboarekiko konpromisoa erakutsi zuten.

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendaria Ekiola Lea Artibai kooperatiban parte hartuko duten udalerrietako ordezkariekin bildu ziren, atzo, Etxebarriko udaletxean. Berriatuko, Etxebarriko, Ispasterko eta Markina-Xemeingo udalerriak Bizkaian aitzindari dira beren ingurunean produzitutako energia propioa sortzearen eta kudeatzearen aldeko apustua egiten.

Hala, etorkizunean Iparragirreko Edateko Ura Tratatzeko Estaziotik hurbil dagoen lursail publiko batean kokatuko den eguzki-parke fotovoltaikoa egiteko lanean hasiko dira. Horretarako, inguruneko familia edo pertsonak proiektuari atxiki beharko zaizkio lehenengo.

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola pozik agertu zen Lea-Artibai beharrezkoak diren pausoak ematen ari delako, «laster inguruneko auzotarrek ingurune hurbilenean sortutako energia garbiarekin hornitzeko aukera izan dezaten, horrek dituen abantaila guztiekin».

Ekimenaren azken helburua hau da: kooperatiba osatzen duten pertsona edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxatzea.

«Proiektu honen bideragarritasuna kooperatibaren kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosi behar izatean oinarritzen da, beren etxebizitzaren energia-kontsumoaren baliokidea den kostuarekin», eman du aditzera Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak.

Zehaztu zutenaren arabera, Europar Batasunaren politikekin «lerrokatuta» dago, eta helburu gisa ezarri dute «kontsumitzen den energiaren %2 jatorri berriztagarrikoa izatea 2030. urterako».

«Autokontsumoa zein energia-komunitateen sorkuntza hartu beharreko ereduak dira beste energia-eredu bateranzko trantsizioan. Esparru horretan sortu da Ekiola, energia sustatzeko sozietate gisa», nabarmendu zuten.

Kasu honetan, Bizkaiko lehenengo kooperatiba sortuko dute. Proiektu honen bitartez, sortzen duten energiaren jabe izango dira kooperatibistak, eta herritarrek beren energia sortu, sustatu eta kontsumituko dute.