Ion SALGADO
GASTEIZ

«Denona eta denontzat» den eskola publikoaren aldeko legea eskatu dute

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «denona eta denontzat» den eskola publikoaren aldeko hezkuntza legea aldarrikatu zuen atzo, «egun dugun eskola segregazioa eta gizarte haustura desagerraraziko duen legea», eta euskara ardatz izango duena.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma osatzen duten eragileek «denona eta denontzat» den eskola publikoaren aldeko hezkuntza legea aldarrikatu zuten atzo, gaur egungo eskola segregazioa eta gizarte haustura desagerrarazteko. Halaber, «euskara ardatz» izango duen legea eskatu dute, EAEko herritarrei «kalitatezko hezkuntza eredua eskainiko diena».

Hala adierazi zuten Kattalin Aizkorreta eta Maribel Lopez de Luzuriaga plataformako kideek ostegun honetan Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Bertan azaldu zutenez, «gizarte gisa, ezin dugu gaur egungo sistema duala legitimatuko duen lege bat onartu. Lege berri bat egitekotan, eskola publikoak sistemaren erdigunean kokatu behar du, bere ardatz egituratzaile gisa».

«Egoera horretan soilik garatu ahal izango dituzte hezkuntza sistemako ikasle guztiek beren bizikidetza gaitasunak», gaineratu zuten lege berriak jaso beharreko zenbait konpromiso eta muga plazaratu ondoren.

Plataformaren esanetan, «ez da onargarria izango eskola publikoa eta pribatua parekatzen duen legerik. Eskola bakarraren alde egin beharko luke hezkuntza lege berriak eta araudi adostua sortu, bokazio publikoa duten ikastetxeek publifikatzeko aukera izan dezaten».

Ildo horri jarraituz, eskola publikoak lehentasun osoa izan behar duela azpimarratu zuten, eta, horregatik, «lege berriak eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu beharko du 0tik 18 urtera». Legeak hezkuntza pribatu itunduari mugak jarri beharko dizkiola esan zuten, halako lerroak saihestuz eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean. Haur eskolei dagokienez, doako zerbitzu publiko unibertsal gisa egonkortu beharra dagoela adierazi zuten; alegia, «0-3 ziklo publikoa ziurtatzeko, ikastetxe pribatu itunduei ematen zaizkien 0-2 zikloko dirulaguntzak kenduz».

«Ezin da onartu egun ikastetxe pribatuek duten finantzaketa egonkortu edo handitu nahi duen akordioa», nabarmendu zuten; izan ere, «diskriminazioa eta segregazioa sortzen duten ikastetxeak finantzatzen ari gara». «Kontzertazio unibertsalarekin bukatu behar du lege berriak, eta sare pribatuaren egungo finantzaketa eredua eztabaidan ipini, hezkuntza ekitate zein gizarte kohesioari erantzuten ez dieten proiektu pribatuak finantzatzeari utzi», gaineratu zuten. Galdera bat ere egin zuten: «Zergatik finantzatu guztion diruarekin guztiontzat ez diren ikastetxeak?».

Segregazioa ekidin eta gizarte kohesioa bermatuko duten politikak eta matrikulazio prozesu gardenak eskatu dituzte, «segregazioaren lehenengo urratsa» amaitu berri den aurrematrikula aldian sortzen delako. «Lege berriak oraingo araudia goitik behera aldatu beharko du ikasleen matrikulazio orekatua ziurtatzeko», esan zuten.

Halaber, euskalduntzen ez duten «eta, beraz, ikasleak diskriminatzen dituzten» hizkuntza ereduak kritikatu zituzten. «Euskara ikastea haur guztien eskubidea da, eta hori bermatzea guztion erantzukizuna da, administraziotik hasita. Euskararik gabe, ez dago integraziorik, eta integraziorik gabe, gero eta aukera gutxiago euskara normalizatzeko. Eskola publikoa indartzeak euskara indartzea dakar, sare publikoa baita ikasle gehien euskaldundu dituen eta euskalduntzen jarraitzen duen sarea», ohartarazi zuten.

Amaitzeko, legea guztion artean egin behar dela esan zuten. «Jaurlaritzak dioen bezala, datozen 30 urteetarako hezkuntza-sistema lege berri honen bidez arautuko bada, alderdi politikoen arteko akordioa beharrezkoa da, bai, baina hori bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta, batez ere, eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea, eta hori ez da egin. Hori aldatu ezean, salaketara eta mobilizazioetara jotzea baino ez zaigula geratzen ikusten dugu».

Mezu horrekin bat egin dute Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oiartzualdeko, Astigarragako, Donostialdeko eta Lasarte-Oriako plataformek, baita Zabaleko Bizirik Amurrioko plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Debagoieneko Goieskolak, Ehigek, Ehizek, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Ekintzak, Gazte Komunistak mugimenduak eta Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek.

 

LABen dekalogoa

LABek ere bat egin zuen plazaratutako aldarrikapenekin. Hala izanda ere, Hezkuntza Akordioari dagokionez, LABek bere proposamena duela adierazi zuen. Hauxe da urtarrilaren 24an aurkeztutako dekalogoa, non hezkuntza sistema antolatzeko «proposamen integrala» eta eremu laboralari loturikoak biltzen dituen. Adierazi zuenez, «LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea proposatzen du, titularitate publikoko eta hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritutako hezkuntza sare bakar eta burujabea».