GARA
GASTEIZ

Itxuraren gaineko presiorik gabeko geroa, Lakuako Gobernuaren Martxoaren 8an

Emakumeen edertasun-kanon zorrotzaren eta hipersexualizazioaren aurrean, Lakuako Gobernuaren datorren Martxoaren 8ko kanpainako emakume protagonistek galdera hau egiten diote gizarteari: «Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?».

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Lakuako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu zuten Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpaina. Aurtengo kanpainak neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten gehiegizko presioa jorratzen du: gorputzen nahitaezko «perfekzioa», ezarritako edertasun-kanon zorrotza, hipersexualizazioa eta emakumeen gorputzen kontzeptualizazio gero eta merkantilistagoa.

Lau neska ditu protagonista kanpainak, eta, Berdintasunerako sailburuak azaldu zuenez, helburua gizarteari emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko garaiz gaudela erakustea da, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe bizi daitezen, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza.

Artolazabalek adierazi zuen kanpainak ez duela salaketara mugatu nahi, baizik eta itxaropen mezu bat zabaldu nahi duela: «Garaiz gaudela, datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko aukera dugula eta eskaini egin behar diegula».

Kanpainaren goiburu nagusia galdera bat da, neskatoek berek egiten dutena gorputz «perfektu» eta hipersexualizatuen irudien bonbardaketaren aurrean. Egunero jasotzen dituzte horrelako irudiak sare sozialen, bideojoko askoren, komunikabide eta modaren sektore batzuen aldetik.

Sare sozialak

«Hurrengo belaunaldiak berdintasunaren belaunaldiak izatea da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dugun helburu nagusia», esan zuen Artolazabalek. Hain zuzen ere, horren adibide da Generation Equality nazioarteko ekimena, Berdintasun Sailak Emakunderen bidez sustatzen duena.

Sailburuak gogorarazi zuen emakumeek euren gorputzaren inguruan jasaten duten presioak beren bizitza mugatzen duela, eta ez dela gauza berria, baina presio horren eragina areagotu egin dela sare sozialen bidez eta emakumeen gorputzen gero eta esplotazio mediatiko handiagoaren bidez.