Euskarak Erriberan etorkizuna duela erakutsi du Korrikak

Erriberako errepide luzeek herri batetik hurrengora bitartean kilometro ugari egiteko beharra eragiten dute eta, ondorioz, Korrikaren lekukoa laguntzen duten taldeak txikiagoak izan ohi dira. Dena den, atzokoan jendetza bildu zuen euskararen aldeko ekimenak Nafarroako hegoaldean. Haur askok eraman zuten lekukoa, Erriberan ere euskarak etorkizuna baduela frogatuz.
Larunbatean Iruñerriko herritarrek elurra eta hotza izan zituzten bidaide. Atzo, berriz, panorama arras desberdina zen. Eguzkitsua atera zen eguna. Gauean, Korrikak Lerin, Lodosa, Andosilla, San Adrian eta Azagra zeharkatu zituen. Lehen eguzki izpiekin pasa zen Cadreitatik, eta, gero, Castejonetik, Palestinako eta Nafarroako banderen artean. Corellara bidean Errioxako Alfaro herrian ere sartu-irtena egin zuen furgonetak eta, Erriberako herrira iristean, euskal kulturaren alde lan egiten duen bertako Tambarria elkarteak hartu zuen lekukoa. Cintruenigora iritsi baino lehen, Beton komertzioaren inguruan, ezkontzear zen Aintzaneri pasatu zioten. Oñatitik eta Durangotik heldutako pailazo talde batek gidaturik zeharkatu zuen Korrikak Alhama ibaia, Cintruenigon sartzeko. Bertan, Korrika batzordeetako kideak zituen zain, eta bi ahizpek hartu zuten lekukoa. «Nork uste zuen Cintruenigon euskaldun gutxi zeudela?», txiokatu zuen AEK-k.
Cintruenigo eta Tutera arteko ibilbide luzean, 87 urteko Pili Landa euskaltzaleak hartu zuen lekukoa, ondokoei emozioak arnasa estutzen zien bitartean.
Tuteran, harrera beroa
Lekukoaren atzetik jende andana bildu zen Tuterako kaleetan. Sekulako harrera egin zioten Korrikari Erriberako hiriburuan. Hiriko sarreran, LAB sindikatuko ordezkariek hartu zuten lekukoa, jarraian Osasunbideko langileei pasatzeko.
Alejandro Toquero alkateak Tuteran euskaldunik ez dagoela esaten badu ere, bi talde euskaltzaleren laguntzarekin sartu zen Korrika Erriberako hiriko kaleetan: Beterri peña eta Union Tutera futbol taldea. Argia ikastolak egin zuen hurrengo txanda.
Ebro ibaia zeharkatu eta berehala, Tuterako gaiteroek hartu zuten lekukoa, Korrikak Arguedaserako bidea hartzen zuen bitartean. Bertan haurrek hartu zuten lekukoa, baita Valtierran ere, Mintzaneten eta Ziripot Txarangaren kilometroetan.
Alesbesera bidean, duela zazpi urte hildako Aitziber Sarasola omendu zuten, Nafarroan euskararen alde egindako lanagatik. Martzillan Sustrai Colina bertsolaria batu zen Korrikara, eta bertso ederra eskaini zien korrikalari eta euskaltzaleei.
«Caparroson ere, euskararen alde», oihukatu zuten gazte eta haurrek Korrikaren furgonetak herritik pasa zirenean, eta, Melidara bidean, «Euskara, hizkuntza ofiziala!» aldarrikatu zuten korrikalariek. 19.00ak ziren eta oraindik Zarrakaztelu, Kaseda eta Gabarderal zeharkatu behar zituen Korrikak, laugarren etapa Zangoza eta Ledean amaitzeko.
Gauerditik aurrera, Zangozerriaren iparraldetik iritsi zen Korrika Pirinioetara; Nabaskoze izan zen bertan zeharkatutako lehen herria. Euskararen aldeko aldarria Ipar Euskal Herriko bide eta txokoetan entzungo da gaur.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
