GARA
LEITZA

«Bost teilatu» lanean batu ditu Udalbiltzak bost film laburrak

Euskal Herriko bost udalerritan filmatutako lanak batu dituzte, kohesioa emanez «Bost teilatu» 80 minutuko lana sortzeko. Jatorrian Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenerako ekoitzitakoak dira orain bilduta aurkeztu dituen film laburrok.

Martxoaren amaieran, Udalbiltzak sustatuta, Geuretik Sortuak ekimenaren baitan bost film laburren aurrestreinaldia egin zuten Leitzan, non horien zuzendari, ekoizle eta lantaldeko beste hainbat langile elkartu ziren. Adabaki ekoiztetxearekin bat egin eta bost lanak muntatu eta kohesioa eman diete, 80 minutuko lan bakar batean bilduz, “Bost teilatu”. Bere abesti propioa ere badauka, Ibil Bedi taldeak sortua.

Filmak Euskal Herriko bost udalerritan garatu eta filmatutako laburrak biltzen ditu: “Krak” pieza Tafallan egin da; “Arnasa”, Hernanin; “Hitzak”, Baigorrin; “Erlojupekoa”, Galdakaon, eta “Muga”, Beran eta Lesakan.

Dolua hizpide duen drama fantastikoa da “Krak”, Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua, eurak ere bertan aktore direlarik. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten digu, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ostera dator “Arnasa” (Kliska filmak), Raul Barrerasek zuzendua eta Eneko Sagardoy eta Zorion Egileorrek antzeztua. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia, lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen digu Barrerasek bertan, sexu-identitatea ere jorratuz.

Josu Martinezen “Hitzak” (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan “Bost teilatu” bilduman sartu duena. 1960ko hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna.

Umore absurdoa

Bira Produkzioak-eko Leire Egañak zuzendutako “Erlojupekoa” dator ondoren, umore absurdoa erabiliz kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaon barrena ibiliz.

Azken laburra da “Muga”; Eñaut Castagnetek zuzendua eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Kamaru afrikar gazteak Estatu espainoletik frantseserako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertuko herri batean, Lesakan, gotortuko da baserritar baten laguntzarekin (Kandido Uranga).

Aurrestreinaldiaren ekitaldiaren ostean, Leitzako Udalak gonbidatuta, kafea eta txokolatea hartu zuten bertaratu zirenek, lanaz eta esperientziaz solastatu bitartean.

“Bost teilatu” Geuretik Sortuak-en parte hartu duten udalerrietan egongo da ikusgai hilabete honetatik aurrera. Lehen geltokia Zestoa izan da, apirilaren 2an; bertan Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak euren esperientzia kontatu dute. Hortik aurrera beste hogeita bost geldialdi izango ditu lanak eta horietako bakoitzean zinemagileetako batek parte hartuko du.