Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Whitman eta Yeats batu dira Munduko Poesia Kaierak bildumara

Walt Whitman (1819-1892) eta William Butler Yeats (1865-1939) herrialde ezberdinetan sortu ziren, Ameriketako Estatu Batuetan lehena, Irlandan bigarrena; eta denboraren harian tarte bat baino ez zuten konpartitu, XIX. mendearen amaiera. Sinesmen eta errealitate ezberdinek inguratzen zituzten, baina bataren zein bestearen poesiari «‘ni poetiko’ ikaragarria» dario.

Josu Goikoetxeak ekarri du euskarara amerikarraren lana, Juan Kruz Igerabidek irlandarrarena. Eta poeta bakoitzak bere beldurrak eta ametsak izan bazituen arren, «naturarekin bat egiteko nahi edo interes horretan» ere topatu dute antzekotasunik. Hortik aurrera, bi mundu dira, bi estilo. «Oso diferenteak eta ikonikoak, nor bere herrialdeko literaturan».

Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bilduma bi lan hauekin aberastu du, eta atzo aurkeztu zituen Donostian.

Begiradak

Antologia osatzeko itzulpen lanetan zebilela, helburu bat zuen Goikoetxeak: «Whitmanen lanaren prisma ahalik eta zabalena ematea eta poesia osoaren irudia ematea».

Gaztetxo zela irakurri zuen, eta heldutasunean itzuli da. Begirada, orain, beste bat da. «Atzerantz gehiago begiratzen diogu aurrera baino». Eta onartu zuenez, «irakurketa gatazkatsu batzuk» baditu, arraza aldetik epelkeria leporatu baitiote.

«Batzuek ez diote barkatu, besteek bai», esan zuen Goikoetxeak. Azken horiek jaso dute bere ekarria eta beste buelta bat eman diote. Bere poesian «gorputzetik abiatzen den arima ere badago, sexua, homosexualitatea… baditu hainbat alderdi irakurtzeko eta norbere egiteko. Eta ‘ni poetiko’ ausartegi bat, balio izan duena beste ni poetiko batzuk sortzeko».

Yeats, berriz, Irlandako literaturaren pizkundearen ordezkari gisa deskribatu zuten, eta Igerabidek poetikoki, espiritualki zein politikoki hartu zituen inplikazioak aipatu zituen. Natura, meditazioa eta jakintza izan ziren irlandarraren hiru ardatzak, eta bere poesiari darion desenkantua ere aipatu zuen Igerabidek.