EHZ jaialdia Irisarrira itzuliko da azken edizio arrakastatsuaren ondoren
EHZ festibala uztailaren 1etik 3ra egingo da Irisarrin. Joan den urteko edizio arrakastatsua bezala, Nafarroa Behereko herrian eginen da 26. edizioa ere, baina aldaketak izanen dira pandemiari loturiko neurriek ez dutelako antolaketa mugatuko. Egunean zehar plazako programazioa urririk izanen da, eta pentzeko kontzertuak soilik ordainduko dira.

Euskal Herria Zuzenean jaialdiko gazteek agerraldia egin zuten atzo Muskildin aurtengo edizioko programaren aitzin gustua eskaintzeko. Joan den urteko arrakastaren ondotik ilusio handiarekin dira, pandemia garaian 9.000 pertsona biltzea lortu zutelako. Aurten hurbildu nahi dutenentzat eskaintza berezi bat ere egin dute: webgunean jaialdiko hiru egunetarako sarrera kopuru mugatu bat jarri dute salgai 35 eurotan.
Edizio berri honetan, pandemiaren aitzineko izpiritua atzeman nahi dute, eta 2019ko jaialdiko egitura berreskuratuko dute. Hala, egunean zehar plazan izango diren kontzertuak, dantzak, antzerkiak, bertsolariak... ikusteko sarrerarik ez da izanen, eta arratsaldetik goiti pentzean eginen diren kontzertuetara sartzeko soilik ordaindu beharko da. «Guretzat biziki inportantea da egungo testuinguruan, non prezio guztiak goititzen ari diren, kultura denen eskura eman ahal izatea, horregatik ez ditugu prezioak handituko», adierazi zuen Julen Oillarburu EHZko bozeramaileak. Egunean zehar herrian egingo diren emanaldiak dohainik izateko arrazoia ere hori da.
Jendarteak bizi duen egoera zailari so eginez, jaialdia 1996an sortu zeneko ametsak bizirik dirauela nabarmendu dute, eta iazko hitzordua gogora ekarri zuten: «Distantzia eta maskaretatik at, beste mundu bat sortu ahal izan genuen, hurbiltasunez, euskaraz eta giro onean; hitzetatik ekintzetara pasa eta gure eredua gorpuzteko modua izan zen».
Aitzineko edizioetan bezala, programa aberatsa izanen da, kultur adierazpen ezberdinei eta askotariko estilo tokia emanen diena. Aurtengo berritasun nagusia antzerkiari dedikaturiko leku berezia izanen da.
Konfirmatutako lehendabiziko taldeen artean Ezpalak, Ibil Bedi eta Calling Marian dira, pentzean joko dutenak. Bestalde, «Kinshasatik Altzürüküra, Zestoatik Luhusora, doinuen aniztasuna eta aberastasuna aitzinean jarri nahi izan ditu EHZk». Horrela, Niko Etxarten rock and rollak, Kongoko Errepublika Demokratikotik helduko den Kokolo! kolektiboaren musika elektronikoak eta Fizt & Furiuz taldeak Luhuson gorderik prestatutako metalezko garrasiek berotuko dute giroa Irisarrin besteak beste.
Gaitistaneko Orkestraren gaitek eta Sarini Zirko konpainiaren akrobaziek, berriz, dantzarien mugimenduekin eginen dute bat herriko plazan.
Gogoetarako aukera ere izanen da, Ospitalea etxean tailer, hitzaldi eta mahai-inguru andana izanen baitira. Gaur egungo erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko parada izanen da, besteak beste euskara, gerlak, populu autoktonoen zapalkuntza eta eritasun mentalak izanen dira mintzagai. Horrez gain, Josu Martinezek Baigorrin grabatutako hiru film laburrak ikusteko parada ere izanen da.
Laguntzaileak
Jaialdiaren izpirituari jarraiki antolaketa guztia laguntzaileen eskutik heldu da. Urtean zehar batzorde ezberdinetan lanean aritzen diren dozenaka pertsonez gain, jaialdiaren egunetan behar izaten diren laguntzaileen parte-hartzea nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan: «Pandemia betean, ezinezkoa iduri bazuen ere, traba guziak gainditu genituen, festibalaren eraikitzeko esku kolpe bat eman zuten ehunka laguntzaileei esker».
Heldu den astean izena emateko aukera izanen da webgunean. Iaz 400 pertsonak lagundu zuten, eta jaialdiak aurrera egin ahal izateko aurten ere hori bezainbeste beharko dela nabarmendu zuen Oillarburuk.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
