Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hau gurutzea!

Aste Santua! Santuen astea! Amen! Erromatarren filmak telebistan, iragarkien hutsuneetan. Apezpikuak pozik, prozesioen garaia, hiriko kalean penitentziagileak, kostako plazan turista pintxo-zaleak, autobidearen puntu beltzean autoak, pinuen ondoko errepidean beldarra... prozesioan nonahi. Hau gurutzea!

Europa zabaleko bazter batean gurutzaldi-misilak gurutzaontziak hondatzen. Hemengo bazterrean, ostera, gurutza-ontziak arin bateko turistak porturatzen, eta gurutzada berriak balira bezala turistok bizkor lurreratu, autobus-zaldietan azkar sartu, argazki itxurako lekura agudo heldu, hamaika klik arin egin, tabernan sartu-irten arinagoa egin, eta di-da batean portuko ontzira bueltan gurutzaldian lasterka segitzeko. Lasaitu ederra hartuko dute gero kamarotean, galtzerdiek sikiera! Zer ikusirik ez Marx anaieneko giro harekin! Amen!

Gurutze-bidean gara, goranzkoan, nork bere gurutzea, nork bere malda. Horra eskola patioan umeek etengabe errepikatzen duten KPI horrena, Kontsumo Prezioen Indizearena. Gora eta gora, kotarik altuenera heldu da, oxigeno transgenikoaren beharra izan barik. Eta hauxe kolpea gero! Inork ez daki zelan menderatu! Gobernantza halakoa! Indize horren grafikoak ordezkatu egin du garai bateko kutsatzeena, goranzko joera mantenduta, aireko tenperaturarena legez, gora eta gora beti. Grafikoek bizi gaituzte! Amen!

Total, gurutzagune batean gara, aberria zelan ulertu gaur eta eguna zelan luzatu bihar, horren gunean. Batzuek “Gora ta gora Euzkadi” kantatuko dute ordokian, «gurutza deuna beti geure goi buru», aulkitik altxatu gabe. Beste batzuek ibili-ibilian malda helbide errepublikak helburu. Eta beste batzuk ez batean ez bestean, terraza batean gurutzegrama iruzurrez betetzen. Nork bere gurutzea! Pentsatzea ere Aste Santuaren ondoren Pazko Astea datorrela! Ama, ama! Hau gurutzea!