Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Desordena berria zen!

Maiatzaren lehena, gaur. Maiatzaren bigarrena, bihar. Eta kolpea gero! Hirugarrena noiz eta etzi! Egutegia lege! Espero dut noiz edo noizko egutegian aparteko egunik ez izatea, denak egun izatea, etenik gabeko segidan; eguna, gaua barne. Eta denetan protesta eta proposamena uztarrian, kalea abiapuntuetako bat izanda ere ezin baita helbide bakarra izan. Bitartean nazioarteko egunik gabeko nazioarteko eguna gura nuke ospatu, hogeita lau orduko eguna ez balitz ere. Amen!

“Maiatza, urte guztiaren ardatza” irakurri dut atsotitz batean. Eta “maiatz hotzak dakartza pozak” beste batean. Hau dok/n hau! “maiatzeko beroa, urteko balioa” ere ikusi dut nonon. Hortaz, hotzak poza eta beroak balioa! Merkurioa gustura egon daiteke euskal atsotitzekin, gora edo behera eginda ere. Ez dakit Nafarroako zainzuriak iritzi berekoak ote diren, galdetu beharko, ingelesez seguruenik! Amen!

Total, goizean eguneroko egunkari biak eta baten eranskina zabaldu ditut mahai gainean, kafe-katilua hesituz. Hara! «Sei mila eguraldi-berba baino gehiago ditu euskarak», leitu dut; atera kontuak zenbat hitz! Eta «hezkuntza teknopedagogikoa», horren alde egingo duela Jaurlaritzak. Bateragarria ote? Auskalo, batzuek zeru bakarra dute, oskarbi transgenikoa, haizea alde, eguraldi mugatua eta aurreikuspen itsua; hiztegia zenbat eta agorrago, orduan eta hizketa azalago, hitzontzi eman arren! Bada, egiturazko arazo sakonei erantzun, momentuko kontu koiunturalak bailiran.

Ama, ama! Normaltasun berria zela zioten, baina bai zera! desordena berria zen benetan; are gehiago, berak bizi gaitu. Birus pandemia, klima pandemia, gerra pandemia, inflazio pandemia, pegasus pandemia, pandereta pandemia… zezen pandemia bera ere! Normaltasun zaharrera bueltan hareazko plazak, akabo zezenen lasaia! Maiatza ardatza? Beste hilak bezala!