GARA
bilbo

Bilbora oinez, Alconzako kaleratzeak salatzeko

Berangoko Alconza lantegiko grebalariek oinezko martxa egin zuten atzo, Berangotik Bilbora, enpresak kaleratu dituen 25 lankideen lanpostuak defendatzeko. Lantokiaren etorkizuna ziurtatzeko industria plan eraginkor bat eskatu eta Lakuako Gobernuaren, Irizar taldearen eta Alconzako zuzendaritzaren inplikazio falta salatu zuten. Beren hitzetan, «Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dute inolaz ere justifikatzen hartutako neurria».

Otsailaren 28az geroztik greba mugagabean diharduten Berangoko (Bizkaia) Alconza enpresako langileek martxa bat egin zuten atzo, oinez, Berangotik Bilbora, enpresak 25 behargin kaleratu dituela salatzeko. Grebalariak goizeko zortzietan abiatu ziren Berangotik eta, Lakuako Gobernuaren aurrean protesta egin ostean, Sabin Etxearen (EAJren egoitza) aurrean elkarretaratzea eginda bukatu zuten mobilizazioa.

ELA sindikatuak ohar baten bidez jakitera eman zuenez, ekimen honen bitartez «kaleratzeak eragin dituen apirileko enplegu erregulazio espedienteak» salatu nahi izan zituzten grebalariek. Era berean, sindikatuak ohartarazi zuen Irizarrek –Alconza Irizar taldearena baita– ia 10 milioi euro banatu dituela dibidenduetan Alconzaren kutxatik.

«Justifikaziorik gabeko enplegu erregulazioaren ordez, lantokiak izan ditzakeen arazo koiunturalei heldu eta Alconzaren etorkizuna bermatuko duen industria plana eskatzen dute langileek. Egungo egoera zuzendaritzaren utzikeriaren ondorio baita», adierazi zuen ELAk.

Horrez gain, sindikatuak nabarmendu zuen mobilizazioan parte hartu duen plantillak Lakuako Gobernuaren «inplikazio falta» ere kritikatu nahi duela elkarretaratzearekin. Ildo horretan, Irizar taldearen «babes faltaren eta utzikeriaren» aurrean, laguntza eskatu zioten Lakuari.

Hain zuzen, beharginek lan gatazka honetan zehar errepresio poliziala pairatu dutela salatu zuten duela pare bat aste, Urkulluren Gobernua zuzenean interpelatuz. Besteak beste, LABeko ordezkari bat ospitalean artatu behar izan zuten Ertzaintzak atxiki eta kolpekatu ondoren, eta hainbat langilek borra-kolpeak jaso zituzten.

Auzitegietara

Azkenik, ELAk iragarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo duela kaleratze horiek legez kanpokotzat jo daitezela eskatzeko. Izan ere, sindikatuak argudiatzen du itsasontzientzako motorrak ekoizteaz arduratzen den enpresa bizkaitarrak ez dituela Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak errespetatu. Besteak beste, ez direlako irizpideak ezarri kaleratzeek langileei nola eragingo dien egiaztatzeko, ELAren esanetan.

«Are gehiago, kaleratzeek greba egiten ari diren langileei eragiten diete, eta eragin horretatik libre geratu dira greba honetan parte hartzen ez duten langileak», esplikatu zuen sindikatuak.

Hori horrela, sindikatuak azpimarratu zuen lan agintaritzak bereziki nabarmendu zuela alderdi hori enplegua erregulatzeko espedientearen izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.

Gaineratu zuenez, «Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dute inolaz ere justifikatzen hartutako neurria». Hori dela eta, sindikatuak salatu zuen Ormaiztegin egoitza duen Irizar taldeak ez duela parte hartu «Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei aurre egiteko adostutakoa eta traumatikoa ez den konponbide baten bilaketan».