Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA

Inoiz baino biluziago, bere etxea ireki die irakurleei Anjel Lertxundik

Lagun giroan ondu du Anjel Lertxundik «Desertuan behatxuloa», Juan Kruz Igerabide adiskidea bidelagun izan baitu editore lanetan. Inoiz baino biluziago idatzi du; «ni»-a gailentzen da saiakeran. Gertakizun txikiei eta, ohi bezala, giza jokabideari erreparatu dio. Izurriak, ezinbestean, pisua hartu du. «Askotan isolatu izan dut nire burua idazteko eta ni bezala mundua ulertu nahian aritu da jendea pandemiak derrigortutako isolamenduan», adierazi zuen.

“Etxeko leiho eta ate guztiak itxita ere, pentsamendua paseatzera irteten da”. Esaldi hori idatzi du Anjel Lertxundik liburuari izena eman dion lehen kapituluaren aurkezpenean.

Etxeko ateko behatxuloa, batetik, eta desertua, bestetik. Bi irudiak hasieratik izan zituen buruan Anjel Lertxundik eta horiei tiraka etorri zen liburuaren izenburua. «Garrantzirik ematen ez diogun horren metafora polita da behatxuloa, munduari familiarki, egunerokotasunez begiratzea», azaldu zuen.

Beti da ospatzekoa, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorearen esanetan, liburu batek argia ikustea, are gehiago Lertxundiren kasuan. Hala adierazi zuen atzo egindako aurkezpenean. Narraziogintza landu du gehien ibilbide luze eta oparoan, baina oriotar idazleak saiakera alorrean jorratutako «estilo propioa» nabarmendu zuen, «oso berezkoa».

Idazkerarekin batera, berea du ere mosaiko baten gisan eraikitzea idazlana, teselaz osaturik. Hiru zatitan egituratu du azken liburua –“Ongi etorria eta agurra leiho beretik” eta “Axola zaigun guztia ez da guztia” dira bigarrena eta hirugarrena–. “Post scriptum” batez amaitu du.

Igerabidek bete ditu editore lanak oraingoan, Alberdaniako arduradunaren gonbitari baiezkoa eman ondoren. Aurrerago ere, beste literatura proiektu batzuetan ere, formula bera erabiltzeko nahia agertu zuen atzo Gimenez Bechek.

Pozik eta elkarri eskertuta agertu ziren atzo Lertxundi, Igerabide zein Gimenez Bech.

Hainbat dira Lertxundiren hausnarketagaiak. Bizitza eta haren mugak, esaterako, baita garaiarekin eta artearekin –bereziki literaturarekin– lotutakoak.

«Gizarteari jipoia ematen dio», nabarmendu zuen Igerabidek. «Ni gogorra naiz eta gizarte gogorrean bizi gara, besteak entzun nahi ez dituen gizartean; politikan garbi ikusten da hori», zehaztu zuen Lertxundik.

Etxeko egongelan ondoko besaulkian, hitz-aspertuan, ari balitz bezala sentituko du irakurleak idazlea, Gimenez Bechen esanetan.

Abian doan trena

«Abian doan trenera» igotzea izan da Igerabide idazle eta lagunarentzat edizio lanak egitea. Hasierako «beldur eta bertigoak» ondoren bidean sentitutako «gozamenari» eman dio bide. «Itxiak uste zenituen testu zatiak etengabeko martxan amaiera arte aldatuz doazela ikusten duzu bizitzen duzu, bagoi baten aldaketak besteari eragiten baitio. Liburu honetan idazleak bere etxera gonbidatzen du irakurlea, bere liburutegira, bere sukaldera, baita bere egongelara ere; ez ditu bere ezinak disimulatzen, ez, baina bere ezinetatik apaletako liburuak arakatzen ditu, arnasa zabaltzen du espazioan eta denboran, bizitzen laguntzen dioten idazle eta pentsalariak ekartzen ditu bere minak eta saminak, ez agian leuntzera, baina bai ulertzen saiatzera, eta haiei (minei zein idazleei) aurrez aurre duintasunez begiratzera», azaldu zuen.

Etengabeko hausnarketa aurkituko du liburuan irakurleak. «Elukubrazioari ihes egiten dioten gogoetak» dira, Igerabideren iritzian. «Haragi-haragian jaiotzen den gogoeta da, bizitza guztian lagun eta lehiakide menderakaitz izan duen hizkuntzarekiko gogoeta, azken urteetan gordin-gordin bizi izandako aje eta eritasunen gogoeta, pandemiaren kontzentrazio-zelai mentalak eragindako gogoeta, giza kondizioak, gizarte arazoek, arte munduak, irakaskuntzak eta beste hainbat eta hainbat alorrek eragindakoa», kontatu zuen.

Idazteak adina neke eman dio liburua egituratzeak. Hala aitortu zuen. «Kapitulu bakoitza osotasunean irakur daiteke eta hirurak elkarren atzetik ere bai, baina oso desberdinak dira gaiei dagokienez, ez jokabide eta teknikaren aldetik», azpimarratu zuen.

Izurria lehertzerako hasia zen idazten Lertxundi eta azken bi urteotan bizitakoak badu eraginik eta presentziarik, ezinbestean, lanean. Erabatekoa.

Paradoxikoa izan da oriotarrarentzat urte luzez “bere” zeregina izan duen hori egiten ikustea mundu osoa. «Askotan isolatu izan dut nire burua idazteko, pentsatzeko, eta nik egin bezala, mundua ulertu nahian aritu da jendea pandemiak derrigortutako isolamenduan», esan zuen.

Lehendik ere landua zuen epidemia egoera bere lanetan. Ziklikotasuna aipatu zuen atzo. «Gizartearen portaerak berdintsuak ziren orain sei mende eta gaur. Bada jendea oso solidarioa eta baita modu erabat gizatasunik gabean aberasten den, egoeraz baliatzen den jendea ere. Badira horrelako jokabideak ia estrukturalak direnak eta mekanikoki funtzionatzen dutenak».

Gerra du beste gogoetagaia liburuan. «Ukrainan gerra lehertu zen justu saiakera amaitu nuenean eta liburuan idatzitakoa gertatzen ari da orain», esan zuen.