Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Euskal Herriko Gazte Orkestrak badu 25. urteurrenerako formazioa

Ia 200 musikari gazte aurkeztu dira Euskal Herriko Gazte Orkestraren entzunaldietara. Hortik, formazioa osatzeko 26 pertsona hautatu dituzte. Gero eta gazteagoak dira taldean parte hartzen dutenak, gaur egun 20 urtekoa da kideen batez besteko adina. Ilusio handiz hasi dira lanean hautatutako gazteak, txikitatik musikan lan egiteko desioa izan baitute. EGOn jotzeak etorkizunean bestelako orkestra handietan aritzeko bidea erraztuko die.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak denboraldi berrirako bere taldea osatu berri du. 26 postu betetzeko entzunaldiak antolatu zituzten eta ia 200 gaztek eman zuten izena. Kide berriei esker, lortu dute gero eta formazio gazteagoa izatea, epe ertainera zuten helburuetako bat (20 urteko batez bestekoa dute orain).

Probak amaituta eta emaitzak argitaratuta, instrumentisten batez besteko «maila altua eta bikaintasuna» nabarmendu zuten. Formazio berria jada hasi da denboraldi honetako ekitaldiak prestatzen. Izan ere, urte garrantzitsua izango da, EGOk mende erdia betetzen duelako. Honako jarduerak ditu aurreikusita: trukea Kanariako Gazte Orkestrarekin, Musika Hamabostaldiaren Kursaaleko abonu zikloan agerraldia, Kukairekin batera aurkeztuko duen proiektu berritzailea eta neguko topaketan egingo den egitarau berezia, besteak beste.

Gaizka Ciarrusta, Ibai Adrian eta Maialen Lagos dira hautatuak izan diren musikarietako hiru. Lehenak tronpa jotzen du, gasteiztarra da eta 21 urte ditu. EGOren parte izateko entzunaldietan parte hartzen duen laugarren urtea da hau; iaz ordezko bezala sartzea lortu zuen eta aurten, zorionez, titularra da. Bestalde, Kataluniako Gazte Orkestran ere ordezko izan da eta horri esker hainbat kontzertu eskaini ahal izan du.

«Uste dut betidanik nahi izan dudala musikaria izan. Kontserbatorioan nengoela, azken urteetan, ikusten nuen kideek musika ikasten jarraitzen zutela eta niri ere gogoa sartu zitzaidan», kontatu zigun.

Gogoz sartu da EGOn, alde batetik, Mahlerren 3. Sinfonia joko dutelako eta bere lehen aldia izango delako. «Horrelako obra handi bat jotzeak asko pozten nau», aitortu zuen. Gainera, bere nahia da egingo diren proiektuekin ikastea, orkestra esperientzia hartzeko oso aukera ona dela uste baitu, etorkizunean orkestra batean plaza atera ahal izateko, hori baita bere nahia.

Gainera, kideen artean sinergiak sortzen direla ere aipatu zigun. «Aurten EGOko kide batzuek ganbera talde bat sortu dute eta ziklo batean parte hartuko dute, eta beraiekin jotzeko eskatu didate», esan zuen.

Bere ustez, musikariei egiten zaien aitormena oso desberdina da herrialde batetik bestera. Alemanian, adibidez, orkestra asko daude baina beste leku batzuetan egoera nahiko prekarioa bizi dute. «Gainera, jende asko gara eta plaza gutxi daude», adierazi zuen.

Ciarrusta Nafarroako Goi Mailako Eskolan laugarren urtea ikasten ari da. Zentro berean dabil Ibai Adrian, baina lehenengo mailan. 19 urte ditu eta tronboi baxurako proba gainditu du (iaz tronboi tenorrerako probak egin zituen). «Txikitatik egon nahi izan dut orkestra honetan. Euskal Herriko gazteon helburua hori da, eta oso zaila da sartzea», adierazi zuen.

Bere ustez, «orkestra honetan egoteak ate asko zabaltzen dizkizu gerora beste orkestretan sartzeko. Zure bidea hasteko orkestra on bat da». Ikasteaz gain, bere helburua ondo pasatzea eta jendea ezagutzea da. Berak ere etorkizunean orkestra profesional batean egin nahiko luke lan.

Bere aita musikaria zen eta soilik 4 urte zituela bazekien berak ere pauso berdinak jarraituko zituela. 8 urterekin hasi zen tronboia jotzen. Orain arte tenorearekin aritu da, baina irailean baxua probatu zuen eta asko gustatu zitzaion. Mota honetako musika tresnak nota grabeak jotzeko erabili ohi dira.

Maialen Lagosek ere gurasoen eragina izan zuen, biak baititu musikariak. Argi zuen musikarekin harremana duen zerbait egingo zuela, baina hasiera batean musika lengoaiako irakasle lanetan ikusten zuen bere burua. 7 urterekin hasi zen biola jotzen eta 13rekin sartu zen kontserbatorioan. Duela urte eta erdi erabaki zuen biola ikasketak egingo zituela. «Nire helburua bakarlari edo irakasle moduan lana egitea da, nahiz eta orkestra garrantzitsu batean egotea ere izugarria izango zen», esan zigun 18 urteko neskak, oraindik argi ez duela aitortuz.

Bere ustez EGOn kuadrilla aparta osatzen da, eta besteekin lana egitea zoragarria da, jendea «oso jatorra» delako eta «beti laguntzeko prest» dagoelako. Horregatik, baikortasunez eta ikasteko gogo handiz ekingo dio erronka berri honi. «Niretzako aukera handia da Euskal Herriko eta Estatuko jendearekin elkartzea eta haien teknikaz eta musikalitateaz ikastea», kontatu zigun.

Entzunaldi telematikoak

Pandemia hastearekin batera entzunaldiak egiteko modua aldatu zuen EGOk, eta aurrez aurrekoak izatetik, telematikoak izatera pasatu ziren. Hautagaiek eskatutako errepertorioa prestatu eta bideoan grabatu behar izan zuten (orkestrako hainbat pasarte). Instrumentu bakoitzeko musikari adituz osatua zegoen epaimahaiak aztertu zuen aurkeztutako materiala. Epaimahaikide guztien aukeraketak euskal formazio gaztearen zuzendari artistiko den Ruben Gimenoren lidergopean egin ziren.

Lagosentzat modu honetan egitea zailagoa da, bera «nahiko perfekzionista» delako. «Bideo bidez izatean askotan errepikatu nuen ahalik eta hoberen ateratzeko. Aurrez aurreko entzunaldietan behin bakarrik jotzen duzu», argitu zuen. Hala ere, onartzen du abantaila bat ere baduela: «Erosoagoa da, nahi duzun saiakera aurkeztu dezakezulako».