GARA
bilbo

Memoria eta aldarrikapen eguna, ekainaren 18an

Bizkaia Hari Gorria dinamikak memoria, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko ditu ekainaren 18an Bilbon antolatutako ekimenean.

Martxoan sortutako Bizkaia Hari Gorria dinamikako bultzatzaileek agerraldia egin zuten atzo Bilboko Arriaga Plazan, ekainaren 18rako antolatu duten ekimen nagusiaren nondik norakoak aurkezteko.

Memoria, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dituzte egun horretan. Izan ere, duela 85 urte, 1937ko ekainaren 18an, tropa frankistak Bilbon sartu ziren Bizkaiko frontearen erorketa gauzatuz. Hala eta guztiz ere, Ibai Altzaga eta Esther Lopez dinamikako kideek atzo gogorarazi zutenez, bizkaitarrek faxismoaren aurka borrokatu zuten, eta ordutik borroka sozial ugari bultzatu dituzte: «Sufritzen dakigu, historiak hainbat aldiz erakutsi digun bezala. Baina ez dugu etsitzen; mila eta bat aldiz altxatzen ere badakigulako».

«Marko historikoek irakasgai ugari eskaintzen dizkigute, eta duela 85 urte bezala, gaurko eskuin muturrak dakartzan gorroto ideien aurrean antifaxismoaren balioek alerta dakarkigute. Gaurko lubakiak baitira xenofobia, arrazismoa, homofobia eta matxismoa borrokatzea. Euskal errepublikaren eraikuntza eskubide guztien jabe diren pertsona askeez egitera goaz», adierazi zuen Altzagak.

Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru eta mota ezberdinetako ekimenak egin ondoren, ekainaren 18an dinamika honen ekimen nagusia egingo dute. Egun osoko egitaraua izango da, eta manifestazioa, 17.30ean.

Alde batetik, ospakizun eguna izango dela nabarmendu zuten, «borroken lurralde honetako partaide izateak harrotasuna ematen digulako».

«Ospakizuna, Lemoiz gelditu genuelako, Euskal Herrian bizi eta lan egitearen inguruan langile kontzientzia sustatu dugulako, euskal kulturaren susperraldian ekarpena egin dugulako. Ospakizuna, euskal eskolagatik borrokatu garelako, UEUren 50 urteko bidaideak izan garelako. Ospakizuna, abortuaren aldeko borrokan aitzindariak izan garelako. Periko handiak esango zuen bezala, ‘amets egiten utzi ez digutenei ez diegulako lo egiten utzi’. Izan ere, balio handia du nondik gatozen ezagutzeak, nora goazen jakiteko», adierazi zuen Esther Lopezek.

Baina aldarrikapen eguna ere izango dela nabarmendu zuten, «irabazteko ditugun borroka horiena guztiena».

«Herri gisa erronkei erantzutea da gure aukera emankorrena, eta, horregatik goraipatzen ditugu zaintza publiko komunitarioaren eraikuntzan diharduten pertsonak, edo osasun sistema publikoa defendatzen dutenak, pentsio sistema publiko eta justua indartzen dutenak bezala. Trantsizio sozio-ekologikoan oinarritzen diren egitasmoak, elikadura burujabetzan aritzen diren baserritarrak, udalgintza komunitarioan dauden udalak, herri hezitzaileak sustatzen dituzten hezkuntza adibideak, euskal kultura sistema ehuntzen duten proiektuak, espazio askeak ametsez hornitzen dituztenak, nazio bat garela sendotzen dutenak; kirol esparruan aritzen direnak, kasu», azaldu zuten dinamikako kideek.