GARA
baiona

Sortu eta 12 urtera, hiru milioi eusko daude zirkulazioan

«Euskotan gastatutako euro bat Euskal Herrian egonen den euro bat da, lurraldeko ekonomia eta tokiko enplegua indartuko dituena», adierazi du Euskal Moneta elkarteak. Hamabi urte dira tokiko dirua abian jarri zela eta 3 milioitik gora eusko daude zirkulazioan.

Euskal Moneta elkarteak bideoa sareratu zuen herenegun, azkeneko hamabi urteetan euskoak egin duen ibilbidea agerian jartzeko. Garapen azkarra izan du euskal monetak. Egun, hiru milioi eusko baino gehiago daude zirkulazioan Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdin.

Hamabi urte igaro dira euskoa abiatu zenetik. Euskal Monetak gizartearekin bat egiteko soilik ez, tokiko diruaren balioak sustatzeko lan eskerga egin du. Emaitza hor da: gaur egun Europa mailako tokiko diru erabiliena da euskoa.

Zifrak ez dira edonolakoak: 4.000 erabiltzaile partikularrek, 1.300 profesionalek eta 33 herriko etxek erabiltzen dute tokiko moneta, baita Euskal Hirigune Elkargoak ere.

Euskoaren sarea abiatu zenean billetea zen ordainketa tresna. Egun, sistema digitalak erabil daitezke horretarako; Euskokart txartelaren bidez edo sakelako telefonoarekin, Euskopay aplikazioa erabiliz.

Etorkizunera begira

Hala ere, iraganari baino etorkizunari begiratzen dio Euskal Moneta elkarteak. Ohar batean azaldu duenez, helburua euskoa «esku guzietan ibiltzea» da, modu horretara «biharko gizartearen eraikuntza» era kolektiboan sustatu ahal izateko.

Bertako produktuak erosteko ohitura emendatzen ari da –Ipar Euskal Herrian azkar garatu dira kontsumo kooperatibak eta gertuko mozkinen salerosketa ahalbidetzen duten sareak– eta mozkin horiek tokiko diruan ordaintzeak ere badu garrantzia, elkartearen ustez.

«Euskotan gastatutako euro bat Euskal Herrian egonen den euro bat da, lurraldeko ekonomian eta, beraz, tokiko enplegua indartuko du», adierazi du.

Tokiko monetaren itu nagusia zirkuitu laburren garapena eta ingurumena errespetatzen duten lan sektoreak sustatzea da, «trantsizio ekologikorako mugarri» bilakatuz.

Halaber, elkartasuna ere funtsezko ezaugarria da, lurraldeko elkarteei laguntzeko sistema bat ezarria baita. Gaur arte, 180.000 eusko baino gehiago banatu dira Ipar Euskal Herriko 70 elkarteren artean. Gainera, tokiko monetak euskara sustatzeko funtzioa ere betetzen duenez, 300 saltegiri baino gehiagori lagundu zaie afixatze elebiduna ezartzen.