Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Arma, tiro, pum!

Hau albisteen mataza! Nahasmena gero! Asia aldeko Pazifikoan Quad aliantza militarra sortu dute, Pazifikoa ez bakean ez barean uzteko asmoz, ustez. Kantauri aldean EHUk Quantum Center sortu du, «kuantikoko ikerlariak» biltzeko. Kuantiko? Ez al da hori FBIko egoitza nagusia? Domekako sofako lo arinetan zerbait daukat horretaz entzunda...

Tira, matazaren harira! Krisi asko eta askotakoek bizi gaituzte! Hil ere! Pandemiaz pandemia goaz, osasunetik harago. Aro nahasia oraingoa, inondik ere, han-hor. Eta hemen berdin, prefostia! Lehendik datozen inertziak kudeatuz nahi da hemen trantsizioa burutu... kuantikoan ezinezko. Poeta andaluziarra gogoan: «Gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea». Eta gure koplaria ere: «Ez gara hain onak benetan». Kontua ez da nola atera krisi-aro honetatik, baizik eta nora sartzeko atera hemendik. Hortaz, ez dut uste udako ikastaroek asko argituko dutenik, ikasleei kredituak emanda ere...

Total, albisteen mataza honetan nabil zein haritatik tiraka hasi asmatu nahian. Begitantzen zait esku-granada batekin ari naizela, espoleta askatu gura barik. Amen! Albisteen amarauna. AEBetan, armarauna edo. Hango eskoletako curriculumean Arma-tiro-pum irakasgaiak ohiko beste erlijioen ordu-lekua du hartua. Lanik gabeko mertzenarioentzako lanpostu habia. Erriflearen Erakunde Nazionala talde terroristen zerrendan sartzen dutenean, orduan, eta orduantxe baino ez, hasiko naiz, hastekotan, neure miratokia lekuz aldatzen.

Bolborak sutan jartzen nau. Bestelako arnasa behar dut; zin dagit, eta orain ez da beheko legeak aginduta. Akaso Zegama-Aizkorri horretan hartuko dut parte. Agian inskripzioaren erdia baino ez dut ordainduko, igo bai baina ez dakit jaitsiko naizen. Bitartean, hariari utzi eta brodatzeari eutsi, brodatzen hasita probatzen baita nolakoa den haria.