GARA
IRUÑEA

Bi langile hil dira Garesen eta beste bat Bermeon, azken hau bihotzekoak jota

45 eta 36 urteko bi langile hil ziren atzo Garesen, Señorio de Sarria esne ekoizpenerako instalazioetan. Istripu hori aski ez, eta atzo jakin zen behargin bat zendu zela Bermeon joan den ostiralean bihotzekoak jota, Coviran sareko denda batean lanean ari zen bitartean.

Lan istripuek ez dute etenik, ezta horien ondorio latzek ere: atzo bi behargin zendu ziren Garesen eta ostiraleko beste heriotza baten berri jakin zen, Bermeon gertaturikoa.

Garesko ezbeharra 12.40ean gertatu zen Señorio de Sarria enpresaren esne ustiategian, ureztatzeko ur biltegi batean, Foru Poliziak jakitera eman zuenez. Antza denez, beharginetako bat hutsik zegoen ur biltegian sartu zen, estoldako zuloa garbitzeko, eta zorabiatu egin zen oxigeno faltagatik. Beste langilea laguntzera sartu zen eta hark ere konortea galdu zuen. Azken hau ez zen bertan hil: egoera kritikoan eraman zuten helikopteroz Nafarroako Ospitale Gunera eta han zendu zen.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, hildakoek 45 eta 36 urte zituzten, hurrenez hurren. Lehenengoa Gareseko bertako bizilaguna zen, Jose Luis Coral Hidalgo; bigarrena, J.S.P., San Adrianen bizi zen.

Joan den ostiralean ere Garesen langile bat hil zela gogorarazi zuen ELA sindikatuak prentsa adierazpen batean, eraikitzen ari diren etxebizitza baten teilatutik erorita. Azken urtean lan istripuak %16 baino gehiago ugaritu direla gogora ekarri zuen sindikatuak, eta nabarmendu, horrek zuzeneko lotura duela desinbertsioarekin, prestakuntzarik ezarekin eta prebentzio- eta babes-neurri egokirik ez izatearekin.

LABek Garesen gertatutako istripua salatu zuen eta ustiategian eremu konfinatuetan ezagunak diren arriskuen aurrean aplikatu beharreko protokoloak ez direla bete azpimarratu zuen.

CCOOk gertatutakoa ikertzeko eskatu zuen eta lan eremuko heriotzak amaitzeko beharrezkoak diren neurriak exijitu. Enpresek lan istripuak saihesteko neurri guztiak jarri behar dituztela gogorarazi zuen. UGTk, aldiz, istripuak saihesteko neurriak arintzea ez dela onargarria esateaz gain, arauak ez direla betetzen eta neurri eta informazio falta dagoela salatu zuen.

Bermeon

Bestalde, joan den ostiralean 50 urteko langile bat hil zen Bermeon bihotzekoak jota, Coviran sareko denda batean lanean ari zen bitartean. Hala jakinarazi zuen atzo LABek, eta aurten 34 behargin beren lanpostuetan zendu direla oroitarazi zuen.

«Herriko frankizia-denda txiki bateko langile autonomoa da hildakoa. Komertzio handiaren aurrean bizirauteko borrokan, ez da harritzekoa, laneko arrisku faktoreak direla medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan heriotzaraino», azpimarratu zuen.

«Denbora daramagu salatzen egungo sistema neoliberaleko lan karga eta presio gero eta handiagoak laneko arrisku faktore nabarmena bilakatu direla. 2022an hamaika heriotza ez traumatiko izan dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna?», salatu zuen.

«Ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun arloan ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalanen eta Ikuskaritzaren lana gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?», galdetu zuen sindikatu abertzaleak.