GARA
BILBO

2011tik hona langile bakoitzak 6.135 euro galdu ditu

Ipar Hegoak, LAB sindikatuaren ikasketa sindikaletako fundazioak, eginiko ikerketak ondorioztatzen duenez, 2011. urtetik hona, batez beste, 6.135 euro galdu ditu langile bakoitzak Euskal Herrian. Aldi berean, kapitalaren irabaziak eta gastu militarra handitzen doaz.

Ipar Hegoak “Ikusmiran Egoeraren Azterketa, 2022ko udaberria” txostena argitaratu zuen atzo. Datu bat nabarmentzen da guztien artean: «Azkenengo hamaika urteetan langile bakoitzak, batez beste, 6.165 euro galdu ditu. Pentsioen kasuan ere, nabarmena da erosahalmenean izaniko galera».

Ildo horretatik, Ipar Hegoak salatu zuen herritarrei beste behin ere sakrifizioak eskatzen zaizkiela, beren erosahalmena murrizten den bitartean. Bereziki, «sektore zaurgarrienen eta langileen pobretze prozesuak ez du etenik», deitoratu zuen Ipar Hegoak.

«2021ean KPIak azken urte luzeetako igoerarik handiena izan zuen, %6,5 ingururaino, eta 2022ko maiatzean % 8,7ra iritsi da. Igoera horrek eguneroko erosketa saskian eragin handia izan du: olio eta koipeak %32 garestitu dira; irinak eta bestelako zerealak, %14,3; pastaren prezioak %21,4ko igoera izan du; argindarra %107,8 garestitu da; eta ibilgailuen erregaiak %40,2 egin du gora. Herritar guztien poltsikoek nabaritu duten arren, etxe xumeetan gehiago antzeman da, aurrekontuaren %66 baino gehiago erabiltzen baita etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak eta elikagaiak zein alkoholik gabeko edariak erosteko», argudiatu zuen Ipar Hegoak.

Alde horretatik, ikasketa sindikaleko fundazioak salatu zuen KPIa igo arren soldatak horren «azpitik eguneratu» direla eta, ondorioz, azken 11 urteetan behargin bakoitzak 6.165 euro galdu dituela, batez beste.

Egoera horren aurrean, Ipar Hegoaren iritziz, Euskal Herria «prestatu» egin behar da, «datorkigunari aurre egiteko»; bestela, «datorkigunak hartuko gaitu». Era berean, «herritarron ongizate osoa» lehenets dadin eskatu zuen; horretarako, «erabaki politikoak» hartu behar direla aldarrikatuz. «Herri erabakiak hartzeko garaia da, lehentasunak ezarri eta politika publiko ausartak garatzekoa», ebatzi zuen.

Gastu militarra

Azken krisiari, Ukrainaren inbasioari, dagokionez, Ipar Hegoak adierazi zuen 2021ean espainiar eta frantziar estatuek BPGaren %1,4 eta %1,9 bideratu zutela, hurrenez hurren, gastu militarrera, eta gogorarazi zuen Gobernu espainolak eta frantsesak iragarri dutela gastu hori epe motzean handitzen jarraitzeko asmoa dutela.

«Argi eta garbi, gastu militarrera bideratuko den dirua ez da herritarron eskubide sozialak bermatzera bideratuko», gaitzetsi zuen LABen fundazioak.

Gerrak ikusarazi duen mendekotasun energetikoaren harira, Ipar Hegoak kritikatu zuen ekologikoki iraunkorra ez den ereduak «uko egin» diola berotegi efektuko gasen isurketen aferari «prozesu kolektiboen bidez heltzeari».

Are gehiago, klima aldaketaren erantzukizunarekin «norbanakoa zamatu» dela esan zuen fundazioak.