«Antolatzearen aldeko aldarria mantra kroniko bat da gurean»
Euskal Herriko Bilgune Feministako belaunaldi ezberdinak ordezkatzen dituzte Hegoa Ugaldek, Ainhoa Olasok eta Sara del Riok. Antolakunde nazionalaren sorrerak bizi izan zituen lehenak, bide-erdian sartu zen bigarrena, eta pandemia betean, del Rio. 20 urte bete ditu aurten Bilgune Feministak eta Oñatin ospatuko dute urtemuga, festa handi batekin.

2001ean egin ziren Emakume Abertzaleen Topaketen ondotik Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zutenen artean zen Hegoa Ugalde bilbotarra. Ainhoa Olasok, berriz, orain zortzi urte egin zuen topo talde nazionalarekin, momentu «zirraragarri» batean: mugimendu feministaren mobilizazioek PPren Abortuaren Legea atzera bota zutenean -«Gallardonek dimititu zuenean, izan zen, ostras! Guk eraman dugu aurrera egoera hau», oroitu du durangarrak-. Bi urte egin ditu Sara del Rio donostiarrak erreferentetzat zuen antolakundean, 2018ko eta 2019ko martxoaren 8ko greben bestondoarekin. Bilgunek egindako bideari so jarri dira.
Nolakoa izan zen Bilgune Feministaren sorrera?
Hegoa UGALDE: Baginen eragile ezberdinetako emakume feministak, baina politikoki eta sozialki talka handia zegoen. Ez zegoen hainbeste ikuspegi eraikitzaile bat, lehentasuna erantzuna zen, errepresio handia baitzegoen. Militantzia eredua hori zen.
Gutxi batzuek feministatzat genuen geure burua, baina feminismoa bigarren mailakoa zen; ez zen gaur egun dena. Eragileetan eragitea oso zaila zen; ‘lehentasunak beste batzuk dira’. Gainera, mugimendu feminista oso atomizatuta zegoen. Baina ikuspegia aldatu genuen: ezin genuen egon erantzuten eta erantzuten, baizik eraikitzen eta eraikitzen. Nik hor kokatzen dut Bilguneren sorrera.
Zein helburu finkatu zuen Bilgune Feministak bere hastapenetan?
H. U.: Diagnostiko bat egin zen eta deskubritu zen hutsune bat zegoela. Horrez gain, sare bat osatuko zuten emakume feministak antzematea zen lehentasuna. Gero, [2001eko martxoaren 8an] Berdintasunean Oinarritutako Euskal Herria Sortzera Goaz adierazpena sortu genuen. Eta ez genuen erabili feminismo hitza! Berdintasuna! Pentsatu genuen: hitz hau erabiltzen badugu, arbuio handiagoa eragingo dugu. Berdintasunarekin hasi ginen, gero parekidetasunera egin genuen salto, eta gaur egun, jada, Euskal Herri feminista bat aldarrikatzen dugu.
Izan zen zailtasunik, tentsiorik, proiektu hau abiatzeko orduan?
H. U.: Zaila zen. Gogoan dut 18 urterekin eragileengana joan izana azaltzera zer zen Bilgune. Pila bat kostatzen zitzaidan, zeren guk ere ez genekien praktikan azaltzen, ez genuen ibilbiderik. Egia da eragile eta pertsona batzuen aldetik sekulako harrera izan genuela, baina besteak... ‘badatoz betikoak’, badakizu? Tentsioak bazeuden eta saiatu ginen eragile ezberdinetan zeuden emakumeak subjektu feminista bilakatzen beraien eragileetan.
Hasierako planteamendutik zer mantentzen da egun, sorreratik 20 urtera?
Ainhoa OLASO: Nik uste mantentzen dela hasierako ideia, Euskal Herri mailan feminismotik antolatzearen zentzua. Hasieran hiru zapalkuntzen paradigman ulertzen genuen gure begirada; generoa, nazioa eta klasea. Baina eztabaida pila baten ostean, oraindik ere jarraitzen dugu horretan, ahalik eta gehien begirada zabaltzen, burujabetza esparru denetara eramaten, zapalkuntzak elkarreraginean ulertzen, intersekzionalitatearen kontzeptuarekin bueltaka.
Sara DEL RIO: Hausnarketa horietatik etorri da azkenaldian egin dugun lanketa bat; Emakume Abertzaleen VIII. Topaketetan dekolonialitatea lantzeko beharra atzeman genuen. Barrura begira jarri ginen. Hortik atera da liburua [“Araka ditzagun gure bazterrak”, Lisipe bildumakoa] eta saiatu gara hausnarketa hauek guztiak herrietan lurreratzen.
Durangoko Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek bultzatu zuten hausnarketa hori? Dekolonialitateari buruzko mahaian interpelazio ugari egon zen.
A. O.: Ez da hausnarketa berria. Egia da Jardunaldietan bizi izan genuela denok ‘klak’ bat eta erabaki politiko bat hartu zen: hau landu behar dugu. Uste dut ibilbide baten ondorioa dela. Hasiera batean, nazio zapalkuntza lotzen genuen gehiago kultura, hizkuntza, lurraldearekin, baina ez hainbeste arrazarekin. Urte guzti hauetan konpartitu ditugu hainbat espazio emakume migratu eta arrazializatuekin; esaterako, Emakumeen Mundu Martxaren plataforman, eta hor betidanik egon dira interpelazioak. Aliatuak izan diren emakume migratu eta arrazializatuek askotan mahaigaineratu dute Mugimendu Feminista antirrazista izatearen beharra edo gure begiradak antirrazistak bihurtzearen beharra.
H. U.: Beti izan dugu zapalduaren kontzientzia, baina jartzen digute ispilu bat eta konturatzen gara guk ere baditugula pribilegio batzuk, baditugula ardurak. Mina agertu zen, baina egia. Eta lehenengo ‘klak’-a hori izan zen: guk ere zapaltzen ditugu beste batzuk!
Zer talde, kolektibo, ditu bidelagun Bilgune Feministak?
S. R.: Pila bat; toki bakoitzean mapa ezberdina da. Badira herrietako taldeak, auzoetako taldeak. Agian herri batzuetan ez dago Bilgune Feminista, baina saretzen gara bestelako talde feministekin. Badaude hirietako asanbladak, Mugimendu Feminista orokorrean. Egon dira, baita ere, Medeak eta Garaipen bezalako talde historikoak. Baina talde bakoitzak bere aliantzak ditu eta alda daitezke.
Feminismoaren izenean erreproduzitzen diren zenbait diskurtsorekin, abolizionismoa, haurdunaldi subrogatua edo Terf mugimendua kasu, zer egin? Euskal Herrian ez hainbeste, baina Estatu espainiarrean izan dira hausturak; azkena, Trans Legearen harira.
A. O.: Estatu espainiarrean ikusten dira hausturak, kanpotik begiratuta behintzat, baina Euskal Herrian ez nuke haustura hitza erabiliko egoera definitzeko. Badira talka batzuk, asko sare sozialetatik. Baina errealitatean, asanbladetan...
S. R.: Tentsio momentuak agian bai, baina ez dago irudikatzen den haustura hori edo ez, behintzat, magnitude horretako konfrontazioak.
A. O.: Nik uste dut Euskal Herrian, edo Mugimendu Feministan behintzat, badagoela zaintzaren edo elkarlanaren kultura bat. Egon dira debate pila bat azkenengo hamarkadetan, izan gatazkaren inguruan, sexualitatearen inguruan, prostituzioaren inguruan... eta ezarri dira bermeak hausturak ez gertatzeko. Bilgunen energia pila bat jartzen dugu berme horiek egon daitezen.
Bilgune eztabaidatzearen aldekoa da. Hori bai, eztabaidak eraikitzaileak izan daitezela, puntu komunak topatzeko. Horren adibidea da “Salda Badago”-koa. Sasoi horretan prostituzioaren gaia puri-purian zegoen eta koordinazioaren baitan adostu zen prostituzioa ez zela izango gai zentraletako bat. Zergatik? Bada, iskanbila sor daitekeelako. Esan zen, ‘espektakulurik ez’. Behar duguna da eztabaidatu behar den momentuan, behar den kontzeptuekin, behar den jendearekin.
Pandemia bada inflexio puntu bat, eta harekin azalera atera den zaintzaren krisia. Arreta berezia jarri duzue hor.
S. R.: Bizitzak Erdigunera Koordinadora sortu zen; bertan zen Bilgune Feminista, zeren zaintzaren inguruko irakurketa aspaldi egin zuen. Esaten dugunean bizitzak erdigunean jarri nahi ditugula, esan nahi dugu zaintza sistema birplanteatu behar dugula.
A. O.: Plataforma hori lurreratze ariketa bat egiten ari da, esanez, zer emergentziazko behar ditugu? Zer zaintza sistema nahi dugu?
H. U.: Zaintza difusoa da, dena da eta ez da ezer. Debate horietan galdu egin gaitezke, baina ariketa hori egiten ari gara: hainbeste eztabaidaren ostean, praktikara lurreratzen.
Gauza bat da Euskal Herriko Mugimendu Feminista eta beste bat hortik kanpo dagoena, jendarteak, oro har, zenbateraino egiten duen bat feminismoarekin. Pandemia aurreko M8etan badirudi baietz. Hau bat dator errealitatearekin ala asimilazioaren sintoma da?
S. R.: Egia da greba horiek oso jendetsuak izan zirela eta asimilazioa neurtzea zaila da. Baina aurreko batean kide zaharragoekin hitz egiten nengoela, esaten zidaten ‘orain dela 20 urte azaroak 25 batean edo martxoak 8 batean, ez ginen inor’. Gaur egun ideia hauek ez dira zalantzan jartzen. Lehenengo greba feministak eman zezakeen martzianada bat, baina gaur egun ez du inork zalantzan jartzen bi grebek izan zuten arrakasta. Horrelako mobilizazio jendetsuek arrasto bat utzi dute.
H. U.: Oso ohikoa da feminismo hitza erabiltzea, mundu guztiak erabiltzen du. Baina arriskua modu indibidualean aritzean datza. Herri mugimenduan, orokorrean, uste dut gero eta arrisku gehiago dagoela jendea desmobilizatzeko eta antolakuntza mailan atzera egiteko. Sare sozialak eta argazkia gailentzen dira batzuetan. Diskurtso interesgarri asko dago maila horretan, baina arriskua hori da: geratuko gara zibermundu batean edo benetan gure egunerokotasuna eraldatuko dugu? Hori bakarrik egitea, antolatu gabe, oso zaila da.
Zer lortu du Bilgune Feministak 20 urteko ibilbidean?
A. O.: Taldeak eta kideak loratzea. Guk beti antolatzearen aldeko aldarria egin dugu eta uste dut mantra kroniko bat izango dela gurean.
S. R.: Komunitatearen indarra eta saretze zabala. Jende asko pasatu da Bilgunetik eta, neurri batean edo bestean, denak gelditu gara.
Eta, aurrera begira, zeintzuk dira erronkak?
A. O.: Sarea gehiago zabaltzea, hori da urtemugari jarri diogun erronka. Pandemiak pixka bat apaldu du hori, baina Mugimendu Feministaren sare indartsu bat egotea nahiko genuke. Aurreko [M8ko] grebetan eta “Salda Badago”-ko antolakuntzan egin zen saiakera bat eta sortu zen sare edo koordinazio moduko bat, nahiz eta pandemiak neurri batean zapuztu egin zuen hori.
Bestetik, borroka, praktika eta alternatiba emantzipatzaileak bideratzea Euskal Herriari begira. Euskal zaintza sistemaren inguruko eztabaida oso inportantea da. Mugimendu Feminista eta herri mugimenduko beste eragileek arrazismoaren inguruko hausnarketak abiatzea eta horrekiko ardurak eta neurriak hartzea. Erronka asko dira.
Una fiesta para hacer red en torno al placer
La gran fiesta por los 20 años de Euskal Herriko Bilgune Feminista recalará este fin de semana en Oñati bajo el lema “20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala”. Una amplia programación para el sábado y domingo con charlas, talleres, conciertos -con grupos como Ira, Ginger, Chocolate Remix o Anari- o comida popular, entre otras muchas cosas, tratará de cumplir con el principal objetivo que persigue Bilgune Feminista con este evento: celebrar, festejar el 20 aniversario. «Porque el mejor modo de tejer redes es ese, reunir a la gente en torno al placer», señala Hegoa Ugalde.
Mujeres, trans y «bolleras» están invitadas a la quema de paraísos que Bilgune lleva dos décadas perpetrando -«paraísos fiscales, el paraíso de la familia nuclear, la buena y falsa vida que nos quieren vender», detalla Olaso- y a la posterior «explosión» que prevén ocurrirá en la localidad gipuzcoana. Las réplicas del terremoto que vivirá Oñati seguirán reproduciéndose durante mucho tiempo, aseguran las integrantes de Bilgune Feminista.M.T.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
