GARA
BILBO

Bi euroko langa gaindituz marka jarri dute dieselak eta gasolinak

Gasolinaren eta dieselaren batez besteko prezioak marka historiko berria erregistratu du Estatu espainolean, litroko 2 eurotik gorako salneurrian kokatuz. Astebetean, dieselaren prezioa %3,64 igo da eta, gasolinarena, ostera, %1,13.

Emakume bat, depositua betetzen.
Emakume bat, depositua betetzen. (Alberto ORTEGA EUROPA PRESS)

Europar Batasuneko Petrolio Buletinaren datuek atzo jakinarazi zutenez, dieselaren eta gasolinaren prezioek litroko 2 euroko langaren prezioa gainditu zuten estreinakoz joan den astean. Europar Batasuneko Petrolio Buletina ostegunero argitaratzen da, eta bertan Estatuko gasolindegietako batez besteko prezioak ezartzen dira. Tarifa horiek ez dute barnebiltzen gasolindegiek nahitaez aplikatzen duten litroko 20 zentimoko deskontua, joan den apirilaren 1etik indarrean dagoena. Gasolindegi askotan beherapen handiagoak daude, tokian tokiko petrolio-enpresaren eta bezero fidelizatuentzako eskaintzen arabera.

Zehazki, gasolina litroaren batez besteko prezioa 2,141 eurokoa izan da azken astean, zazpi egun lehenago baino %1,13 gehiago. Gobernu espainolaren dirulaguntza kenduta, martxoaren azken astean deskontua aplikatzen hasi aurretik baino ia 12 zentimo garestiagoa izango litzateke (1,818 euro).

Dieselaren kasuan, zeinak litroko 2,076 euroko batez besteko prezioa duen, litroko salneurriak %3,64ko igoera izan du, bigarren astez jarraian 2 euroen langa gaindituz. Horrela, 20 zentimoko beherapena aplikatzean, zenbatekoa martxo amaieran markatzen zuena (1,837 euro litroko) baino hiru zentimo garestiagoa da.

%50 baino gehiago urtebetean

Duela urtebeteko aste berdinarekin alderatuta, gasolina litroaren batez besteko prezioa %55,82 garestitu da, eta, dieselarena, berriz, %67,68 altuagoa da, indarrean dagoen hobaria kontuan hartu gabe.

Iragan den otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, bi erregaien prezioak %30 baino gehiago igo dira, oro har. Gasolinaren kasuan %33raino igo da eta, dieselaren kasuan, % 38raino.

Prezio horiek petrolio gordinaren goraldi etengabeak markatutako testuinguruan heldu dira, Ukrainako gerraren markoan. Atzo, adibidez, Brent upelak 110 dolarretik gorako kotizazioa izan zuen, eta, Texas upelak, berriz, 104 dolarretik gorakoa.

Erregaien prezioa hainbat faktoreren menpe dago, hala nola, bere kotizazio espezifikoa (petrolioarenaz aparte), petrolio gordinaren bilakaera, zergak, lehengaien eta logistikaren kostua, eta konpainia handiek zehazten dituzten marjina gordinak.

EBko batezbestekoen gainetik

Berunik gabeko 95eko gasolinaren prezioa Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik mantentzen da Estatu espainiarrean (2,036 euro litroko), baita Eurogunekoaren gainetik ere (2,095 euro). Diesela ere Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik dago (2,031 euro), baina Eurogunekoaren azpitik (2,08 euro).

Inguruko estatu batzuek salneurri baxuak badituzte, erregaien gaineko presio fiskal txikiagoa dutelako da.