GARA
IRUÑEA

Amaiur burujabetzaren ikur da berriz, suntsiketaren 500. urteurrenean

Burujabetza grina irudikatu zuten atzo Amaiurren, bertako gazteluan gotorturik inbasioaren aurka eginiko erresistentziaren bosgarren mendeurrenean. Ekitaldia instituzionala eta herrikoia izan zen aldi berean; eta ikusgarria, 200 ezpata-dantzariren parte-hartzearekin.

Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurreneko ekitaldi nagusia.
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurreneko ekitaldi nagusia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Erakunde ezberdinetako ordezkariak eta herritar xumeak Amaiurren batu ziren atzo, bertan nafar gudariek gaztelar inbasioaren aurka amaieraraino eginiko erresistentzia gogoan hartzeko. Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta herriak antolatutako ekitaldia izan zen, eta memoria historikoaren ariketarekin batera burujabetzaren aldarria bilakatu zen.

Kultur aldetik ere oso oparoa izan zen ia hiru ordu iraun zuen ospakizuna. Lehenengo unetik hasita; izan ere, 11.00 aldera, parrokiaren eskaileren aurrean, 200 ezpata-dantzari inguru (Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritakoak) batera dantzan hasi ziren, duela bost mendeko gudari haien omenez.

Kale Nagusitik gazteluraino desfilea egin zuten, eta bidean, udaletxe zaharrean, herriko bandera hartu. Orain arte inoiz egin den ezpata-dantzari kontzentrazio handiena izan zen Amaiurko hau: Iruñea, Baztan, Beasain, Donibane Lohizune, Tolosa, Iurreta... toki hauetatik guztietatik hurbildu ziren dantzariak.

Kultur adierazpenez gain, politikoki esanahi handiko eguna izan zen atzokoa, Euskal Herriaren historian mugarri garrantzitsua markatzen duelako, burujabetzaren galerarena.

Horri erreparatu zion EH Bilduko koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegik sare sozialetan, burujabetza hura berreskuratzea helburu dela nabarmenduz: «Amaiur independentziaren alde borrokatu zirenen ikur bihurtu zuten gure aitona-amonek. Euskal Herriaren askatasun gosearen ikur da, biharko Nafar Estatu burujabearen aldarri».

Lakua eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak gonbidatu zituzten ekitaldira, Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietakoekin batera. Azken hauek maila goreneko ordezkaritza bidali zuten: hiru ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano. Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrek, gauza bera: Bakartxo Tejeria eta Unai Hualde agertu ziren. Jose Maria Ayerdi Nafarroako Gobernuko sailburua ere egon zen.

Alderdiei dagokienez, EAJko presidentea den Andoni Ortuzar eta EH Bilduko Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta eta Joseba Asiron egon ziren ekitaldian, besteak beste. Baita Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoa ere eta alkate eta udal hautetsi ugari, toki ezberdinetatik.

Gaztelura heldu ostean, lore eskaintza egin zen bertan, euskal burujabetzaren alde bizia eman zutenen oroimenez. Jarraian, Amaiurko alkateak hartu zuen hitza, ospakizunaren nondik norakoak labur azaltzeko. Orduko eta egungo borroka eta orduko egungo herriak berberak direla nabarmendu zuen Ixabel Alemanek, «kate berean dira».

Ondoren, abesbatzak “Nafarroa arragoa” eta “Nafarroako ereserkia” abestu zituen, beheko bideari ekin aurretik, herri erdian dantza erakustaldiaz gozatzeko.

Azkenik, argazki ofiziala osatu zuten bataila haren eremuan, duela ehun urtekoa oroitarazi nahian. Izan ere, 1922an, zenbait agintari eta herritar Amaiurko mendi muino horretan elkartu ziren oroitarria altxatzeko.

Iraganetik etorkizunera

1522. urtean gertatu zen independentziaren aldeko azken berpizte sutsu hura, Noaingo batailaren odolustearen ondoren.

Bertaratuek oroimenezko monolito aski ezaguna duela ehun urte eraiki zela ere gogorarazi nahi izan zuten.