Iraide IBARRONDO
ANDRE MARIA ZURIAREN EGUNA

HURRENGOAN EMANGO DUTE BLUSA ETA NESKA ZINTZOEN PLANTA

Blusa eta neskek ez zuten hutsik egin hainbeste itxarondako Andre Maria Zuriaren egunean eta, espero bezala, musika, kolore, dantza eta parrandaz bete zituzten Gasteizko zirrikitu guztiak. Egun oparoa izan zen atzokoa, bazkariak, euskal dantzak, kontzertuak, kalejirak, kirol emanaldiak, azokak eta askotariko ekitaldiak egon baitziren.

Blusa eta neska kuadrillak, Andre Maria Zuriari lore eskaintza egiten.
Blusa eta neska kuadrillak, Andre Maria Zuriari lore eskaintza egiten. (Endika PORTILLO | FOKU)

Zeledonen jaitsieraren biharamunean, pentsa zitekeen gasteiztarrak ez zirela oso goiztiar ibiltzeko aldartez egongo. Alabaina, ajea alde batera utzita, milaka gasteiztar, guztietan fededunenak, 07.00etan elkartu ziren Andre Maria Zuriaren plazan Aurorako Arrosarioaren meza zuzenean entzuteko.

Bien bitartean, blusa eta neska parrandazaleenak, eguneko protagonistak, ohetik altxatzen ari ziren, dutxara sartu eta artilezko galtzerdiak jantzita 09.00etan elkartu eta eguneko lehen otordua egiteko. Eguzkitako betaurrekoekin eta begiak ezin zabaldu ibili arren, 10.00etarako kalimotxo edalontzia eskuan zuten askok.

Pixkanaka-pixkanaka, nor bere txarangaren melodien konpainian, Andre Maria Zuriaren plazarantz hurbildu ziren neskak eta blusak hiriko zaindariari lore eskaintza egiteko. Kuadrilla bakoitzeko kide batek loreak eskegi zizkion, beste batek, txistulariak lagun, aurreskua dantzatzen zion bitartean.

Lore eskaintza egin artean Belakiak kuadrillako Oscar eta Davidek barrezka adierazi zutenez, «oso gogotsu» irten ziren kalera, izan ere, bi urteko geldialdiaren ostean, «ez genekien trajea kabituko ote zitzaigun!».

Ixone, bere aldetik, Gasteizko Margolariak kuadrillako kidea da, eta lore eskaintzaren osteko plana zein izango zen iragarri zuen: «14.00etara arte hemendik ibiliko gara, bazkaldu eta gero, berriz, kalejiretara batuko gara gogotsu. Gauean afaldu eta DJ Krossko diskomobila dugu, gure indargunea dena. Kamioi bat etortzen da, bertan jendea elkartzen hasten da eta, azkenean, mila pertsona elkartzera heltzen gara!».

Jatorrak kuadrillako Iker Motxilo eta Gorka Plako kideek nabarmendu zutenez, lagun zaharrak zein berriak elkartzea da «Gasteizko Egun Handiak» duen xarma nagusia: «gaurko egunak duen onena goizeko lehen ordutik aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko aukera da: egun Gasteizetik kanpo bizi den jendea, jaietara bakarrik hurbiltzen dena, pandemia tarteko falta izan diren lagunak... Emozio kontrajarrien eguna ere bada», deskribatu zuen Plakok. «Bi ordu pasa eta badirudi bizi osoa daramazula lagun berriekin», erantsi zuen Motxilok.

Jende kopuruari dagokionez, orokorrean, kuadrilla guztiak asko hazi direla nabarmendu zuten bi blusek: «Kuadrillak ikaragarri hazi dira, gu 40 pertsona gehiago inguru izango gara egun». Eta arrazoi, kuadrillako “fitxaje” berriak haur-kotxetxoetan batu baitziren festara...

egitarau zabala umeentzat

11.30ean San Migeleko eskaileretan Erraldoi, Zaldi eta Txoten Konpartsa aurkeztu zen. Guztira, hamar erraldoi (karta sortako lau erregeak barne), hiru baserritar bikote (Arabako mendialdeko nekazariak, Aramaioko nekazariak eta Regueverak), dozena bat inguru buruhandi eta karta sortako beste pertsonaia batzuk elkartu ziren. Gainera, berritasun gisa, bi buruhandi berreskuratu zituzten ia 30 urteren ostean eta pertsonaia ezberdinei jantzi berriak josi zizkieten.

«Erraldoiaren barruan joatea dibertigarria eta nekagarria da, baina baita kuriosoa ere. Azkenean, zu erraldoiaren barruan zoaz. Jendeak erraldoiaren buruari begiratzen dio eta zuk, behetik, guztiak ikusten dituzu, baina inork ez zaitu begiratzen. Gutxi batzuek antzematen dute gure sufrimendu aurpegia!», esplikatu zuen umorez David Marijuan Erraldoien Konpartsako kideak.

Beraien ibilbideari segika, dozenaka familia joan ziren haur-kotxetxoekin etxeko txikienek ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zezaten. Dena den, buruhandien beldur ziren haurrek ere izan zuten alternatibarik: Trokolo antzerkia eta “Txux eta txu” ikuskizuna izan zituzten Peñaflorida parkean, baita abentura gunea Arriagako parkean eta bestelako puzgarri zein tailer saioak ere.

«omenaldi bat baino gehiago»

Erraldoiak Gasteiz erdigunea zeharkatzen zuten bitartean, Plaza Berrian dozenaka dantzarik eta Udal Txistulari Bandak sokadantza erakustaldi aparta egin zuten. Ehunka pertsona batu ziren plazan dantzarien ikuskizunaz gozatzeko eta, tartean, Gorka Urtaran Arabako hiriburuko alkatea eta hainbat zinegotzi ere egon ziren.

Sokadantzari blusa eta neskek antolatuta ikurrinari egindako omenaldiak hartu zion lekukoa. Hitzaurre labur baten ostean, Algara dantza taldeko kideek sekulako erakustaldia egin zuten oholtza gainean.

Algara dantza taldeko Amaia Uralde eta Uxue Quintanak azaldu zutenez, «zinta- dantza, brokel-dantza, uztai txiki, txuletinos nafarra, kaxarranka, fandangoa, arin-arina eta bateleras dantzak egin ditugu». Uraldek gehitu zuenez, jaietako urteroko ekitaldia «oso garrantzitsua» da beraientzat, «omenaldi bat baino gehiago da».

Dantza saioak iraun zuen bitartean, Foru plazan herri kirolen erakustaldiak egon ziren, hala nola aizkora, harri-jasotzea eta lasto altxatzea. Plazaren beheko aldean, dozenaka lagun, heldu zein gazte, boloetara jolasten ibili ziren giro erabat lagunkoian.

Gero, 13.30ean, Oihane Perea eta Nerea Elustondok bertso saioa eskaini zuten Aihotz plazan. Jarraian, bazkaltzeko ordua iritsi zen, eta neska zein blusa asko txosnek antolatutako herri bazkarira hurbildu ziren sabela bete eta indarrak hartzeko.

FEDERAZIOA ETA BATZORDEA, BANATUTA

Arratsaldean, neska eta blusak joateko eta itzultzeko kalejiretan murgildu ziren. Dena den, pandemia aurretik egin zuten gisa, Federazioko eta Batzordeko kuadrillek banatuta egin zituzten kalejirak eta poteoak.

Hori horrela, arratsaldeko 16.30ean “Gasteizko jaiak” nesken eta blusen federazioko kuadrillak Plaza Berritik Dato eta Florida kaleetan barrena joan ziren Berpizkundearen plazaraino. Hortik ordu erdira, berriz, 17.00etan, Batzordeko kuadrillek ibilbide berdina errepikatu zuten.

Itzultzeko kalejiran berdin jokatu zuten kuadrillek. Lehenengo, federazioko blusa eta neskak Independentzia eta Dato kaleetan zehar joan ziren kalejiran, eta, gero, Batzordekoak.

KONTZERTUAK

Iluntzean, kontzertuen txanda iritsi zen. Txosnagunean Elkartasun Eguna izan zen atzokoa, eta, 21.00etako ekitaldiaren ostean, Nhil, Tremenda Jauria, Sara Hebe eta DJ Pezon musikarien kontzertuez gozatu ahal izan zuten Euskal Herriko puntu desberdinetatik hurbildutako musikazaleek.

Gasteizko Udalak ere musika egitarau oparoa zuen prest atzoko egun handirako eta, tartean, Gozategi taldea izan zen gauerdian Aihotz plaza leherrarazteko ardura izan zuena. Egun, Euskal Herrian ez dago musikari oriotarrak jai giroan engainatuko dituenik, beraz, “Kalanbreak” kanta ezagunari erreferentzia eginez, gasteiztarrek hurrengo batean eman beharko dute blusa eta neska zintzoen planta.