Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Woodstock Amaiur

Gaurko egunarekin, baina duela 53 urte, Woodstocken Jimi Hendrixek Estatu Batuetako ereserkia disekzionatu zuen gitarra elektrikoarekin. Bertan, ez omen zuen jende gehiegirik ikusi, 50.000 lagun baino ez zeuden hiru egunetako jaialdi-amaierako emanaldian, astelehen goizean. Hala eta guztiz ere, hiru egun haietako unerik gailenetako bat bilakatu dute denborak eta jaialdiaren inguruan egindako film eta diskoek. Batzuentzat rock musikaren historiako unerik gogoangarrienetakoa dena aldi historiko baten aldaketaren seinaletzat dute beste batzuek. Edonola ere, inor gutxi uzten dute epel Hendrixen gitarraren garrasi, orro eta deiadarrek.

Ez naiz oso efemeride-zalea, baina Seattlekoaren balentria gogora etorri zitzaidan, duela 12 egun, Amaiurren, bertako guduaren (sarraskiaren?) 500. urtemugaren harira antolatutako ikuskizunean, ilargi ia betearen azpian, oholtza zabal eta argiztatuaren erdian, urrutitik inurri hiperaktibo baten itxura zuen Joseba Irazokik, bakar-bakarrik, gaua astindu zuenean. Oilo-larrua eragin zidaten haren gitarraren bor-bor melodikoek, askotariko ahots elektrikoek, oihartzun sakonek... Hainbesteraino, une batean begiak itxi eta Hendrix jauna imajinatu nuela han, argi gehiegirik ez zuen txoko batean, lasai eserita. Irazokiren emanaldia arretaz entzuten. Zer burutazio ote zebilzkion irakiten ohitutako odolean? Zaila da esaten, ziurrenik inbidia apur bat sentituko zuen; berak ez zuelako, inoiz izango, Bedaxagarren ondoren gitarra jotzeko aukerarik.