GARA
BILBO

Inflazioak goia jo du Europar Batasunean: ia %10 uztailean

Eurogunean urte arteko inflazio tasa %8,9koa izan zen uztailean, ekainean erregistratutako %8,6ko indizea gaindituz. Inoiz neurtutako handiena da. Europar Batasunari soilik begiratzen badiogu, gainera, are altuagoa da tasa, %9,8koa hain zuzen ere.

Inflazioa agerikoa da erosketa arruntetan.
Inflazioa agerikoa da erosketa arruntetan. (Andoni CANELLADA FOKU)

Urte arteko inflazio tasa %8,9koa izan zen uztailean Eurogunean, ekainean erregistratutako %8,6ko indizearen aldean. Horrela, euroaren lurraldean prezioek inoizko garestitze handiena izan dute; pentsa, Europako Banku Zentralak jarritako %2ko egonkortasun helburua laukoiztu egin da, Eurostat Erkidegoko estatistika bulegoak atzo baieztatu zuenez.

Europar Batasunean (EB), gainera, uztaileko urte arteko inflazio tasak %9,8ko maximo historikoa lortu du, ekainean baino bi hamarren gehiago. 2021eko uztailean, EBko 27 herrialdeen batezbesteko inflazioa %2,5ekoa zen.

Hala eta guztiz ere, Euroguneko eta EBko inflazio-presioa Erresuma Batukoa baino txikiagoa izan da uztailean; izan ere, Erresuma Batuan prezioak %10,1 igo ziren, ekainean %9,4 igo ondoren. Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, inflazioa %8,5era jaitsi zen uztailean, ekaineko %9,1eko tasa baino sei hamarren gutxiago.

Nahiz eta energiaren prezioaren urte arteko igoera %39,6ra jaitsi zen uztailean ekaineko %42tik (elikagai freskoen prezio igoera ere %11,2tik %11,1era igaro zen), Euroguneko prezioen igoera areagotu egin zen 2022. urteko zazpigarren hilabetean. Besteak beste, zerbitzuak urte batetik bestera %3,7 garestitu zirelako uztailean (aurreko hilabetean baino hiru hamarren gehiago) edota ondasun industrial ez-energetikoen prezioak %4,5 igo zirelako (aurreko hilabetean %4,3). Energiaren eragina kalkulutik kanpo uztean, Euroguneko urte arteko inflazio tasa %5,4koa izan zen uztailean, aurreko hileko %4,9aren aldean; aldiz, elikagai freskoen, alkoholaren eta tabakoaren prezioen eragina ere kanpoan uztean, azpiko inflazio tasa %4ko errekorrean kokatu da, ekainean baino %0,3 gehiago.

Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak, uztailean egindako azken bileran, erabaki zuen interes tasak oinarrizko 50 puntutan igotzea. 2011tik diruaren prezioan izandako lehendabiziko igoera da, baina Europako Banku Zentralak igoera gehiago egingo dituela ohartarazi zuen.

%10etik gorako inflazioa herrialde gehienetan

Uztailean, EB osatzen duten 27 herrialdeetatik 16k digitu bikoitzeko prezio igoerak izan zituzten, tartean Euroguneko hemeretzi kideetatik hamarrek.

Inflazio mailarik altuenak Estonian (%23,2), Letonian (%21,3) eta Lituanian (%20,9) izan dira. Prezioen igoera txikienak, berriz, Frantzian, Maltan (% 6,8 biak) eta Finlandian (%8).

Baltikoko hiru herrialdeez gain, Euroguneko beste zazpi kidek ere digitu bikoitzeko prezio igoerak izan dituzte. Honako hauek zehazki: Eslovakia (%12,8), Eslovenia (%11,7), Herbehereak (%11,6), Grezia (%11,3), Estatu espainiarra (%10,7), Zipre (%10,6) eta Belgika (% 10,4).