GARA
FUTBOLA

Manu Garcia «etxera» bueltan Mirandesekin

Manu Garcia, Mirandesen kamiseta jantzita.
Manu Garcia, Mirandesen kamiseta jantzita. (CD MIRANDES)

Alaves eta Mirandes taldeen arteko norgehiagoka jasoko du Mendizorrotzak gaur (22.00). Eta Gasteizeko futbol zelaiak ez du nolanahiko denboraldi hasiera izango, partida hasterako estadioko harmailetan txalo hotsek goia joko baitute Manu Garcia Alaveseko kapitain ohia «etxera» itzuliko delako talde babazorroa utzi eta urtebetera, Mirandeseko elastikoa jantzita.

Aris Limassol Zipreko taldean eman zuen aurreko denboraldia Garciak eta, aurtengorako, Joseba Etxeberriak zuzentzen duen taldeak fitxatu du. Garaiz iritsi da Mirandara, elastiko berria jantzi eta Gasteizera, bere hirira, hainbeste bizipen eskaini dizkion estadiora itzultzeko. Klubari hainbeste eman dion jokalariari «eskertza» egin asmoz, gainera, Alavesek bere kapitain historikoa omenduko du. Talde gasteiztarraren elastikoa historian gehien jantzi duen bigarren jokalaria da Garcia eta, hala, 308 zenbakidun kamiseta oparituko dio Alavesek.

Hori bai, Garciaren taldekide ohiek, Lehen Mailara lehenbailehen igotzeko helburua izanik, garaipena nahiko dute, lehen jardunaldian Leganesen etxean egin zuten bezalaxe (1-2). Etxeberriaren Mirandesek, berriz, Gijoneko Sporting taldearen aurkako berdinketa batekin hasi zuen denboraldia (1-1). Mirandes irabazten hasi zen, baina lehen zatia bukatu aurretik berdindu zuten asturiarrek.

Nikola Maras serbiarrak Alavesekin debuta egin dezake gaur. Victor Laguardiaren etorkizuna, berriz, Gasteiztik kanpo egon daiteke.

EIBAR, LEHEN ALDIZ VILA-REAL B-REN AURKA.

Talde armaginak ere hitzordua du gaur, bi ordu lehenago, Vila-realgo Kirol Hiriko Mini Estadioan (20.00). Futbol alaia egiten duen Vila-real B taldearen aurka ariko dira armaginak. Gaizka Garitanok aurkariaren mailaz ohartarazi du atarikoan, 4-4-2 sistema oso ondo erabiltzen duela azpimarratuz. Lehen jardunaldian Castellokoek lorturiko emaitza ikusi besterik ez dago, Villa-realen harrobiko jokalariek 1-2 irabazi baitzioten Racingi Santanderren (0-2).

Hori bai, ezin da ahaztu Vila-real Bk maila mantentzea helburu duen bitartean, Lehen Mailara igotzeko faboritoetako bat dela Eibar. Hala ere, Garitanok ez du faborito etiketa nahi, eta lehen partidan Tenerife gainditzeko izandako zailtasunak gogoratu ditu (2-1). Deialdian asteon Eibarrera iritsi den Gustavo Blanco Leschuk aurrelari argentinarra sartu da, baina baliteke partida aulkian hastea. Garitanok Alvaro Vadilloren baja bakarra du gaurko.