GARA
ATLETISMOA

«Nire ametsik onenean ere ez nuen imajinatzen urrea irabaztea»

Asier Martinez atletak 2022. urtea biribildu du Europako Txapelketa irabazita 110 metro hesidunen proban. Milaren batengatik nagusitu zaio txikitatik miresten duen Martinot-Lagarde frantziarrari. Atzo oraindik ere lortutakoa ezin sinetsita zen nafarra.

Asier Martinez, erdian, alboetan podiuma osatu zuten Martinot-Lagarde (ezkerrean) eta Kwaou-Mathey (eskuinean) frantziarrak dituela.
Asier Martinez, erdian, alboetan podiuma osatu zuten Martinot-Lagarde (ezkerrean) eta Kwaou-Mathey (eskuinean) frantziarrak dituela. (A. ISAKOVIC AFP)

«Loria eta poztasuna suposatzen du domina honek. Nire jendea inguruan izateak eta lehen pertsonan nola bizi izan duten ikusteak dena esan nahi du niretzat». Asier Martinez pozez txoratzen agertu zen Europako Txapelketa irabazi biharamunean. 110 metro hesidunen proban nagusitu zen Zizur Nagusiko atleta, Pascal Martinot Lagarde baino soilik milaren bat azkarragoa izanda. Minutu batez itxaron behar izan zuen helmugako argazkiaren emaitza ezagutzeko eta une hori «tentsio handikoa» izan zela onartu zuen. «Martinot irabazletzat jotzen nuen. Gainera, kamera guztiak berari begira zeuden eta, ondorioz, berak irabazi zuela pentsatu nuen. Nire izena ikusi nuenean tentsio guztia askatu eta nire jendearengana hurbildu nintzen ospatzera», kontatu zuen.

«Nire ametsik onenean ere ez nuen imajinatzen urrea irabaziko nuenik. Urte luzeko esfortzuaren emaitza da, horren atzean une konplikatuak ere badaudelako, eta oso pozik nago lortutako sariarengatik», adierazi zuen. Era berean, presio puntu bat izan zuela ere nabarmendu zuen, Munduko Txapelketako finalean «bat gehiago» zelako, baina, Munichekoan, berriz, jakitun zelako faboritoen artean zela. «Ondo sentitu nintzen, baina zaila izan da tentsioa kudeatzea; ez neukan esperientzia handirik, baina nire jendeak asko lagunduta», azaldu zuen pozik.

Oraindik disfrutatzeko paradarik ez du izan nafarrak, txapelketa bat bukatu berri protokolo asko jarraitu beharra dutelako atletek, prentsari erantzun, dopin kontrola egin... Horregatik, hain zuzen, etxera itzultzeko gogotsu agertu zen, Munichera bidaiatu ez zutenekin urrezko domina partekatzeko, «beraientzat ere honek asko esan nahi duelako, nire zoriontasuna da eta hori oso garrantzitsua da», azaldu zuen zizurtarrak.

Sare sozialak Asier Martinezi helarazitako zorion mezuz bete dira. Goia jo duen euskal atleta da zizurtarra eta horrek harrotasuna eragiten du. Bere marka pertsonala ere hautsi zuen, 13.14 segundoan bukatu baitzuen proba -Munduko Txapelketan baino hiru ehunen gutxiago-. Urtebetean, 15 ehuneko baino gehiagoan hobetu du bere marka eta urtea biribildu du urrearekin.

EZTANDA NAZIOARTEAN

Duela apenas urtebete 23 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen Tallinnen, 13.34 segundoko denbora eginez. Olinpiar Jokoetan eman zuen jauzia senior mailara eta hor ere aho bete hortz utzi zituen ikusle eta zaleak. Tokioko finalean lekua lortuta, Espainiako Txapelketan urrea eta Munduko Txapelketan brontzea, nazioarteko maila gorenean eztanda egin duela esan daiteke. Europako Txapelketako urreak urtea biribildu eta nafarraren garapen geldiezina berretsi du.

Euskadi Irratian emandako elkarrizketan onartu zuenez, berarentzat «zaila» da«imajinatzea eta barneratzea» munduko onenen artean dagoela. Horregatik, «momentuaz disfrutatzen» saiatzen dela adierazi zuen. «Lagun eta familiarekin une gozoak disfrutatzen saiatzen naiz, zailak ere baditugulako».

Modu horretan, ohartarazi zuen kirolari baten garapena ez dela «lineala edo proportzionala». «Ez dakizu non eta noiz sartu behar duzun aldaketa edo garapena. Iaz nazioarteko txapelketetan esperientzia batzen joan nintzen eta, orain arte», adierazi zuen, bere ibilbidearen laburpena egin asmoz, umiltasunez.