Amaia ZURUTUZA
DONOSTIA
Elkarrizketa
PILI ZABALA
GALen biktima

«Sekretu Ofizialen Legearekin ehunka biktimek babesik gabe segituko dute»

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu duen Informazio Sailkatuaren Lege Aurreproiektua gogor kritikatu du Pili Zabalak NAIZ Irratian. «Espainiar inpunitate eredua luzatzea» dakarrela uste du eta gogora ekarri du Nazio Batuen Erakundearen arabera giza eskubideen urraketen inguruko informazioa ezin dela ezkutatu.

(J. DANAE FOKU)

Francisco Franco espainiar diktadorea hil zenetik 47 urte igaro direnean osatu du Estatu espainiarreko Gobernuak Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko testua. Gaur-gaurkoz, Estatuaren hainbat jarduerari buruzko informaziorako sarbidea 1968. urtean onarturiko lege batek arautzen du. GALek hil zuen Joxi Zabalaren arrebak, Pili Zabalak, NAIZ Irratian atzo azpimarratu zuenez, indarrean dagoen legea «frankismoaren egile guztientzat erabateko inpunitatea ziurtatzeko» idatzi zen eta «demokrazian gobernatu duten alderdiek konplexurik gabe» erabili dute iritzi publikoari oso garrantzitsua den informazioa ukatzeko.

Pili Zabalaren iritziz, «Frankok idatzi zuen» legeak indarrean jarraitzen du «espainiar inpunitate ereduagatik». «Diktadura frankistaren jarraipen juridikoa baimendu dute gobernu ezberdinek. Legez kanpoko erregimen baten legeek osatzen dute demokrazia baten oinarria. Moralki gaitzesgarria da eta filosofikoki bideraezina. Juridikoki nazioarteko zuzenbidean aditua den inork ezin du babestu», salatu zuen.

«Espainiar inpunitate eredua»

Gobernu espainiarrak goraipatu egin du Ministroen Kontseiluak onartu berri duen Informazio Sailkatuaren Lege Aurreproiektua, herritarrei informazio garrantzitsua helaraziko zaiela baieztatuz. Bestelakoa da Zabalaren iritzia. Nabarmendu zuenez, egitasmoak ez ditu «Estatu espainiarrak sinatuta dituen giza eskubideen nazioarteko itunak errespetatzen». Argi dio, «Nazio Batuen Erakundearen arabera giza eskubideen urraketen informazioa ezin da ezkutatu erabakigarria izan daitekeenean gertatu ziren giza eskubideen urraketak argitzeko».

Itxura guztien arabera, ordea, ezkutuan segituko dute dokumentu askok eta, ondorioz, lege berriarekin «eskubideen urraketa larrien Euskal Herriko ehunka biktimek babes juridikorik gabe segituko dute, eta, larriena, gaizkileen inpunitate legala areagotzea bermatuko da». Hori dela-eta, Berridatzi elkarte gisa, helegitea jarri dute.

Sanchezen Gobernuaren proposamena dokumentuak luzaroan ezkutuan mantentzea da. Europako gainontzeko herrialdeetan, 10 eta 25 urte arteko epeak ezarri ohi dira sekretu gorenen kasuan. Lege proiektu honek, ordea, 65 urte aipatzen ditu. «Kezkagarria da oso, hainbeste urtek dokumentazioa suntsitzeko denbora ematen dutelako». Eta aurrekari bat gogoratu zuen: «90eko hamarkadan, ‘GAL auzia’ ikertzeko polizien erregistro liburuak eskatu ziren eta apurtuta zeuden». Guztiak «espainiar inpunitate ereduari» erantzuten diola berretsi eta «bi klausula» aipatu zituen: «Felipe Gonzalez klausula, GAL ez ikertzeko» eta, Irakeko inbasioari lotuta, «Jose Maria Aznar klausula, gerrara joatea erabaki zuenekoa, nahiz eta jakin suntsipen handiko armarik ez zegoela».

Giza eskubideen urraketek «komunitate osoari»eragiten diotela ohartarazi zuen, biktimen aitortza bermatzen ez duten legeak arriskutsutzat jotzearekin batera; «krimenak prebenitzeko beharrezkoa da egia jakitea, bere historia ezagutzen ez duen lurraldeak gertatu zena errepikatzeko arriskua duelako». Horregatik, «iraganeko inpunitateak etorkizunean antzeko gertaerak errepikatzeari ateak ireki diezaioke», ohartarazi zuen.

Ildo horretan, 2020an CIAk desklasifikatu zuen dokumentu batekin gertatu zena ekarri zuen gogora. Gipuzkoako Auzitegira eraman zuen Zabalak, «nahiz-eta jakin Gonzalezek edozein epaile eros zezakeela». Bertatik Auzitegi Nazionalera bideratu zuten auzia eta honek artxibatu egin zuen delitua preskribatuta zegoela argudiatuz. «Berriro ikusi genuen justizia bilatzeko oztopoak ugariak direla».