Sare: «Presoak Euskal Herriratzea ez da inolaz azken etapa, lehena baizik»
Donostiako Aste Nagusiko azken egunean, euskal preso politiko guztiak etxeratu arte borrokan jarraituko duela berretsi zuen Sare Herritarrak hiriburuan egindako manifestazioan. Plataformak gogora ekarri zuenez, oraindik ere presoen gehiengoari ukatu egiten diote espetxe-politika arruntaren aplikazioa.

Donostiako Piraten, kofradien eta jai batzordeen babesarekin, Aste Nagusiko festaren azken eguna euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio batekin eten zuten atzo une batez donostiar askok, Sareren deialdiarekin bat eginez. Euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuten martxaren amaieran Nahikari Iturbe eta Inaxio Oiarzabal bozeramaileek.
Izan ere, gogora ekarri zuten 58 euskal preso Euskal Herritik urrunduta daudela oraindik. Iaz baino askoz gutxiago dira, noski, eta hori onartu eta ospatu zuen Sarek. «Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia. Aldaketa horrek lasaitasuna ekarri zien urte luzez kilometro gehiegi egitera behartuta egondako senide eta lagunei. Lehen urrats garrantzitsua izan zen orain bizitzen ari garen Euskal Herriratze prozesua garatze bidean», adierazi zuten bozeramaileek.
Bide horretan aurrera egin asmo du presoen eskubideen aldeko plataformak, 58 preso horiek Euskal Herriratu arte. Baina hortik harago ere bada egitekorik, Sarek baieztatu zuenez. «Euskal herriratzea ez da inolaz azken etapa, lehena baizik. Izan ere, oraindik euskal presoen gehiengoari ukatu egiten diote espetxe-politika arruntaren aplikazioa. Espetxeak bere baitan biltzen duen etxeratze prozesua gauzatzeko ordua da. Eta horretarako salbuespenak arau izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak... bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu», adierazi zuen.
Konfrontazioa
Ildo horretan, Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak euskal presoen gradu progresioei helegitea aurkezteko erakutsi duen jarrera salatu zuten Iturbek eta Oiarzabalek, «eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa» dela ziurtatuz. «Etengabeko konfrontazioaren alde egin dute. Bake justurantz eta, horren bidez, bizikidetzarantz igarotzeko aukera galarazteko», deitoratu zuten.
Ildo horretan, nabarmendu zuten «gure herriak akordioak behar» dituela, baita «konponbide justuak» ere, eta kritikatu zuten «konfrontazioaren eta mendekuaren alde egiten dutenek» ez dutela lekurik herri honetan.
Atzerapausorik ez emateko eta aurrera jarraitzeko xedearekin, urriaren 8rako Donostian antolatutako manifestazioan eta jaialdian parte hartzeko deia egin zuen Sarek: «Donostia txiki geratu behar zaigu egun horretan; goiza, azken kilometroak eginez, etxera bidea gertu dela aldarrikatuz, eta ondoren, gaurkoan bezala, jai giroan elkarrekin etapa berriei ekinez».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
