Nafarroako Komiki Azokak mangari eta japoniar kulturari erreparatuko dio aurten
Irailaren 2tik urriaren 2ra, hilabetez, irekiko dizkie zaleei ateak Nafarroako Komiki Azokak. Iruñean, Lizarran eta Azagran egingo ditu geldialdiak. Manga ardatz hartuta hiru erakusketa prestatu dituzte.

Alberto Rodriguez Andres eta Javier Perez de Zabalza Nafarroako Komiki Azokaren arduradunen esanetan, «gaurdaino azoka ez da japoniar kulturara hurbildu. Antolakuntzatik beti ari gara estilo eta publiko berrietara irekitzeko ahaleginean eta manga eta animea espresiobide garaikide saihetsezinak dira. Zale ugari dute, gazteen artean, batez ere. Horixe, beraz, aurten iragana eta oraina aztergai dituzten hiru erakusketa prestatu izanaren arrazoia».
Batetik, Katsuhiro Otomori omenaldia egingo diote Akira mangaren 40. urteurrenean -berebiziko eragina izan zuen-. Iruñeko Arte eta Diseinuko Goi Eskolako hamahiru ikaslek hartu dute erakusketa prestatzeko ardura.
Odalba Ediciones
Honekin batera, Odalba Ediciones ere gogoan dute antolatzaileek. Argitaletxe nafarra mangan eta japoniar kulturan espezializatuta dago eta bi urteko ibilbidean hamar izenburu eman ditu argitara.
Azkenik, Mone Skihara japoniar ilustratzaileari eskainitako erakusketa ere ikusgai jarriko dute. Berak berritu du “shunga” estiloa. Arte erotiko japoniarra debekatuta egon zen urte luzez, edo garai hartan, XVII. mendean, garatu zen eta egungo sortzaile gazteek berritu eta berrinterpretatu egin dute tipologia.
Horiez gain, izango da nafar komikilariak protagonista dituen beste erakusketarik. Javier Minak eta Pedro Osesek “Habeko Mik” aldizkarian mendia ardatz zuten istorioak atera zituzten 80ko hamarkadan. Orain, Denonartean argitaletxeak album berria emango du argitara “Non gogoa...” izenburupean. “Secuestro en las Bardenas” izan zen Ernesto Murillo Simonides eta Javier Murillo Matxas-ek sortutako klasikoa eta bere 30. urteurrenean omenaldia egingo zaio.
Horrekin batera, Patxi Huarte Zaldieroak ere bere ekoizpen berriena erakutsiko du Arranotxu pertsonaiarengandik hasi eta -“Xabiroi” argitalpenean ezagutu zuen publikoak- eta prentsako azken tiretaraino.
«Azalak» erakusketa
Aurten egingo diren erakusketetan aurrera eginez, Kike Infame eta Mikel Begoñaren komisariotzapean “Azalak” izenekoa ikusi ahal izango da. Euskal Herrian egindako komikiaren unerik esanguratsuenen errepasoa egingo dute Lizarran. Nafarroan sortutako lanek eta euskaraz egindakoek presentzia berezia izango dute.
Gainera, izaera monografikoa duen “Zart!” komiki kolektiboa ere argitaratuko da laugarren urtez. “Itzala” kontzeptuaren gaineko hausnarketa eskatu zaie parte-hartzaileei.
Denera 22 egile animatu dira. «Urte hauetan ehun sortzaile inguru izan dira; beraz, nabaria da komikiak eta ilustrazioak osasun ona duela Nafarroan», adierazi dute antolatzaileek.

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump
