A.E.
BILBO

Carla Simon, Veneziatik Donostiara film labur berezi batekin

«Alcarràs» filmak lau hilabete daramatza ikusgai Estatu espainiarreko zinema aretoetan. Ez da marka makala katalanez filmatutako lan batentzat. Berlinaleko sari nagusia irabazi zuenetik, laudorioak baino ez ditu jaso eta Oscarren lasterketan sartuko ote den ikusteko dago. Bitartean, Venezian estreinatu berri duen «Carta a mi madre para mi hijo» film hunkigarria Donostiara ekarriko du Carla Simonek lehiaz kanpo, Zabaltegi-Tabakalera sailera.

Angela Molina, Carla Simonen «Carta a mi madre para mi hijo» film laburrean. Zuzendaria ere agertzen da antzezle legez.
Angela Molina, Carla Simonen «Carta a mi madre para mi hijo» film laburrean. Zuzendaria ere agertzen da antzezle legez. (GARA)

Carla Simonek (Bartzelona, 1986) lehiaz kanpo parte hartuko du Zabaltegi-Tabakalera sailean “Carta a mi madre para mi hijo” film laburrarekin. Donostiako Zinemaldiaren hitzetan zinemagile katalanak familiari egindako omenaldi «partzialki fikziozkoa baina guztiz zintzoa» den filma, bihar bertan hasiko den Veneziako Mostrako Giornate Degli Autori sailean estreinatuko da. Ondoren, Donostiara etorriko da.

Angela Molina, Cecilia Gomez, Jesus Carmona eta kameraren beste aldean lehendabiziko aldiz jarri den Carla Simon zuzendaria bera dira film laburreko antzezleak. Haurdun zela jaso zuen Miu Miu Veneziako Mostrako sailaren enkargu bat Simonek eta justu orduan hil zitzaion amari buruz eta egun bi hilabete eskas dituen semetxoari buruz hitz egingo zuela otu zitzaion, amona eta biloba ez zirela elkar ezagutuko jakinik.

Nekazariak eta Oscarrak

Carla Simonek “Estiu 1993” filmarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendaritzan (Donostiako Zinemaldiko Made in Spain sailean hartu zuen parte bere lehendabiziko lan horrek). Aurten ere sail horretan bertan ikusi ahal izango da zuzendari katalanaren “Alcarràs” pelikula (film onenaren Urrezko Hartza lortu zuen azken Berlinale jaialdian).

Alauda Ruiz de Azua euskal zuzendaria (“Cinco lobitos”) eta Rodrigo Soroguren bezala (“As bestas”), Carla Simon ere irailaren 13a heldu zain dago. Izan ere, egun horretan jakingo da hiru film horietatik zeinek ordezkatuko duen Estatu espainiarra Oscar sarietan. Simonek beste biak ikusi dituela eta asko gustatu zaizkiola aitortu du orain gutxi.

“Alcarràs” filmari buruz, bestalde, bertako istorioak kontzientziak piztea gustatuko litzaiokeela esan du behin baino gehiagotan: «Nik badakit oso zaila dela film batekin frutaren prezioa arautzea, baina lortzen badugu jendea zer jaten duen eta nondik jaten duen pentsatzen jartzea, handia izango litzateke. Hurbileko produktuak kontsumitzen baditugu, askoz hobeto».

Alcarràs Kataluniako landa guneko herri bat da, eta bertako nekazari familia bati buruzkoa da filma. Betidanik beren lurrak lantzen aritu eta gero, azken uzta biltzeko elkartuko dira etxeko denak. Fruituen ordez, eguzki-panelak, modernitatearen metafora.

Zinemaldiaren bezperatan

Irailaren 16an hasiko den Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioari buruzko azkenengo xehetasunak argitzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Falta diren sailak aurkezten ari dira antolatzaileak egunotan eta, esaterako, atzo jakin zenez, Emad Aleebrahim Dehkordiren “Chevalier noir / A Tale of Shemroon” eta Luis De Filippisen “Something You Said Last Night” filmekin osatuta geratu da New Directors saila. Hala, sail horretan parte hartuko duten filmak 15 izango dira, eta, Zabaltegi-Tabakalera sailean, berriz, 23.

“Chevalier noir” Emad Aleebrahim Dehkordiren (Teheran, 1979) lehen film luzea da, baina jada zuzendu ditu zenbait film labur: “1388-Undo” (2010), “Phill (1390)” (2011), “Lower Heaven” (2017) eta “Cavalière” (2020). Filmak bi anaiaren eta biztanleak irensten dituen Teheranen istorioa kontatzen du.

“Something You Said Last Night” Luis De Filippisen (Toronto, 1990) lehen lana da. Torontoko jaialdiko Discovery sailean estreinatuko da. Pelikulak emakume trans gazte baten urratsak jarraitzen ditu: lanetik kaleratua izan ondoren, bere familia italiar-kanadarrarekin oporretara joango da protagonista.