Maider IANTZI GOIENETXE
«MUGA GOTORTUA» AUZOLANDEGIA BERAN ETA ETXALARREN

Gazteak, memoria Hurbil bezain ezezagunaz jabetzen

Oroimenik gabe, galduta geundeke. Oroitzea kontzientzia hartzea da, nondik gatozen jakitea. Hala dio Ana Antonek, Bera eta Etxalarko auzolandegian parte hartu duen gazteetako batek. Frankismoko bunker eta barrakoiak berreskuratzeaz gain, omenaldia egin dute Argaitza harrobian. Lurra bildu dute Iruñean eraikiko duten memoria gunera eramateko.

Ezker-eskuin, gazteak Etxalarko Lizarrieta mendian berreskuratu duten metrailadore-habian, Ana Anton Alacanteko boluntarioa, eta dantzarien aurreskua Berako Argaitza harrobian.
Ezker-eskuin, gazteak Etxalarko Lizarrieta mendian berreskuratu duten metrailadore-habian, Ana Anton Alacanteko boluntarioa, eta dantzarien aurreskua Berako Argaitza harrobian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Memoria eta gazteak batzen ditu “Muga gotortua” izeneko auzolandegiak. Abuztu amaiera honetan gauzatu dute Bera eta Etxalar artean, eta egitasmoa biribiltzeko ekitaldi bat egin zuten atzo. Nafarroako memoria guneen sarearen parte da proiektua, eta bultzatzaileen artean du, udalekin batera, Nafarroako Gobernua. Horregatik, bertan izan ziren, bertzeren artean, Javier Remirez lehendakariordea eta Ana Ollo Herritarren Harremanetako kontseilaria.

Ollok nabarmendu zuenez, «memoria etorkizuneko tresna bat da,

ezinbestekoa, gizarte zuzenagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko». Beraz, gazteek frankismoko egiturak garbitzeak berebiziko balioa du, eta lagungarri izanen da oroimena belaunaldiz belaunaldi transmititzeko. Gainera, bertakoek eta bisitariek aukera izanen dute hurbila bezain ezkutukoa dugun iragan honetara hurbiltzeko.

Estatu frantsesaren eta espainiarraren arteko muga indartzeko asmoz, milaka bunker jarrarazi zituen Francok Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino, 1939 eta 1950 bitartean, eskulan behartua erabilita. Pirinioetako Defentsa Antolakuntza deitu zioten, eta bertako egiturak berreskuratu dituzte gazteek auzolandegian. Eraikitzera behartu zituzten pertsona horiek guztiak oroitzeko modu bat izan da.

Herrialde ugaritako boluntarioak aritu dira inguruak garbitu eta egituren sarrerak atontzen. Euskaldunak, estatu espainiar eta frantsesekoak, italiarrak, turkiarrak, mexikarrak... Zehazki, Berako Suspela inguruan aurkitutako barrakoiak eta metrailadore-habia bat txukundu dituzte, eta bertze bi metrailadore-habia Etxalarreko Lizarrieta aldean.

Atzoko ekitaldian, mendiko egitura horiek nola gelditu diren erakusteaz gain, omenaldi hunkigarri bat egin zuten Berako Argaitza harrobian. Jende aunitz elkartu zen: errepresaliatuen familiak, agintariak, herritarrak, eta ekimenaren protagonista diren 18 eta 24 urte bitarteko gazteak.

Nafarroan jende gehien hil zuten lekua da Argaitza harrobia.

Aitor Elexpuru Berako alkateak ongietorria egin zien guztiei, eta Argaitzaren historia itsusia ekarri zuen gogora: dozenaka lagun fusilatu zituzten bertan 1936ko udazkenean. Gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik ekarritako presoak ziren.

«Ez dugu datu zehatzik, ederki arduratu baitziren dokumentazio guzia suntsitzeaz, arrastorik gera ez zedin, baina, Fernando Mikelarena historialari beratarraren datuei segituz, ia seguru dakigu harrobi hau dela Nafarroan jende gehien erail zuten lekua», azpimarratu zuen.

Hainbat lekukotzak gertaera lazgarri horietara garamatzate. Carmen Barojaren “Recuerdos de una mujer de la generación del 98” liburuko pasarteek, errate baterako. Bertan kontatzen denez, harrobi gainean bizi ziren baserritarrak etxetik ateratzen ziren gauetan, metrailadore eta ahuenik ez aditzeko. Herriko haurrak lurrean aztarrika ibiltzen ziren eta gerrikoen hebillak eta supiztekoren bat aurkitzen zituzten.

Memoria gune bat eraikiko dute Iruñean, kontseilariak iragarri zuenez.

Ekitaldian, harrobiko lurra jaso zuten urna batean, aurrena senideek, gero gazteek eta erakundeetako ordezkariek. Ollo kontseilariak azaldu zuenez, memoria zentro bat eraikitzekoak dira Iruñean, elkarbizitzarako eta gogoetarako agora antzeko bat, justu zezen plazaren eta Eskolapioen parean. San Kristobaleko gotorlekua ere ikusiko da bertatik. Asmoa da hilketak gertatu ziren toki guztietako lurra memoria gune horretara eramatea, sinbolo gisa.

Lurra biltzeaz gain, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zuten. Askotariko jendea zegoen, helduenetatik hasi eta haurrenganaino. Eta bertaratutakoen artean elkarrizketa interesgarriak sortu ziren, gure historia hurbilari buruzkoak. Etxe ondoan gertatuak izan arren ezezagunak zaizkigun gertaerak dira, urte luzez lur azpian bezala herritarren bihotz-buruetan isilik iraun dutenak eta poliki-poliki agertzen hasi direnak.

Omenaldian izan ziren, hunkituta eta adi-adi,

auzolandegian ibili diren 25 gazteak ere

, tartean Ana Anton, Alacanteko 18 urteko ikaslea. Bigarren Batxilergoa bukatu berri du eta historia pasio du, bertzeak bertze aparteko irakasle bat egokitu zaiolako. «Klase bakoitza disfrutatu dugu berarekin eta, liburuez harago, historia zer den konturatu gaitezen lortu du», adierazi zion GARAri.

Bakarrik etorri zen auzolandegi honetara eta bi aste «intentsoren» ondotik lagun eta jakintza handiak eramanen ditu etxera. «Hagitz talde ona egin dugu; antzeko zaletasun eta kezkak ditugu, historia hurbila, gurea dena, ezagutzea, nahiko ezezaguna dena eta eskoletan irakatsi beharko litzatekeena».

Iritsi zirenean hainbertze landare zegoen egituretan, «hemen bunker bat dago, benetan? Txantxetan ari zarete» erraten zutela. Landare horiek guztiak kenduta eta egiturak garbituta sekulakoa da aldea. «Plazer bat da jendeak bisitatu eta ezagutu ahal izatea. Naturan daude eta natura eta historia uztartuz nondik gatozen kontzientzia hartzea ederra da», defendatu zuen.

Inguruan historia ezagutzeko jakin-mina sumatzen du. «Ahantzi ezin dugun zerbait da», aldarrikatu zuen. Eta erantsi zuen sarri kanpora jotzen dugula halako ondareen bila eta ohartu behar garela hemen bertan ditugula.

Honako hau Nafarroan udan egin diren zazpi auzolandegietako azkena da. Orotara 175 gaztek hartu dute parte. Bera eta Etxalarkoarekin batera, Pirinioetako muga gotortuko bunkerrak berreskuratzeko proiektuan bertze bi gauzatu dira Otsondon eta Erronkarin.

Ondare historiko-kulturalaren modalitatean, Mañerun, Bargotako Monasterioan ibili dira, eta, ingurumen arloan, Bertizen eta Urbasa-Andian.